Mundua -

Erresuma Batua

Johnsonek kontserbadoreen buru gisa dimitituko du, baina lehen ministro izaten jarraituko du udazkenera arte

BBCk aurreratu duenez, Boris Johnsonek laster emango du dimisioa, azken orduetan jaso duen dimisio oldearen ondorioz.

Boris Johnson, atzo, Downing Street-etik ateratzen. EFE
Boris Johnson, atzo, Downing Street-etik ateratzen. EFE
Boris Johnson, atzo, Downing Street-etik ateratzen. EFE

O. P. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

BBCk aurreratu duenez, Boris Johnson lehen ministro britainiarrak dimisioa emango du ordu gutxi barru, 50 ministrok baino gehiagok kargua utzi ondoren, aurretik dimisioa emandakoak ordezkatzeko izendatutakoak barne. Matxinada horrek paralisitik oso gertu utzi zuen Gobernua. 

Telebista kate britainiarraren arabera, ostegun honetan aurkeztuko du dimisioa Alderdi Kontserbadoreko buruzagi gisa Gobernuaren dimisio zaparrada dela eta, baina udazkenera arte egongo da lehen ministro gisa. "Boris Johnsonek Alderdi Kontserbadoreko buruzagi izateari utziko dio gaur", adierazi du Chris Mason BBCko politika saileko editoreak.

Azken bi orduetan izan dituen dimisioen ondotik, isolatuta eta indarrik gabe gelditu den Johnsonek prest dirudi saihestu ezinezkoa egin eta kargua uzteko. 

Egun batzuetan zehar bere postuari gogor eutsi badio ere, inguruko askok abandonatu egin dute, aliatu gutxi batzuk kenduta. Kargua utzi dutenen artean dago Nadhim Zahawi Finantza ministroa, asteazkenean bere kargurako izendatua izan zena; horrek uko egiteko eskatu zion bere nagusiari.

"Hau ez da jasangarria eta okerrera egingo du zuretzat, Alderdi Kontserbadorearentzat eta, garrantzitsuena dena, herrialde osoarentzat", esan zuen Twitterren. "Zuzen jokatu behar duzu eta joan", esan zion.

Johnson Downing Streeteko Gobernuaren egoitzan ministroekin bildu zen atzo arratsaldean, hurrengo urratsak erabakitzeko, eta irteeran adierazi zuen ez zuela karguari uko egiteko inolako asmorik.

Alderdi Laboristak, oposizioko alderdi nagusiak, esan du Alderdi Kontserbadoreak ez badu Johnson berehala kanporatzen, zentsura-mozioa deituko duela. "Johnsonen alderdiak berak ondorioztatu du hura ez dela gai lehen ministro izateko", adierazi du Keir Starmer buruzagi laboristak. "Botatzen ez badute, laboristek interes nazionala defendatuko dute eta zentsura-mozioa aurkeztu; ezin dugu lehen ministro honekin jarraitu hilabete eta hilabeteetan zehar".

Eskandaluetan nahastuta

Boris Johnsonen azken hilabeteak eskandaluz josita egon badira ere, hala nola pandemia garaiko Downing Streeteko jaiena, azken egunotan agerian geratu den eskandalua edalontzik gainezka egiteko behar zuen azken tanta izan da.

Ekainaren 30ean, The Sun egunkariak argitaratu zuen otsailean Boris Johnsonek bere alboko izendatutako Chris Pincher kontserbadoreari, Londresko klub pribatu batean sexu-jokabide desegokiak egin izana leporatu ziotela, eta gerora jakin da ez zela kasu bakarra. Berria jakin bezain laster, Pincherrek barkamena eskatu eta dimisioa eman zuen.

Uztailaren 1ean, Gobernuaren bulegoak ziurtatu zuen lehen ministroak izendatu aurretik ez zuela Pincherren aurkako akusazioen berri.

Uztailaren 4an, ordea, lehen ministroaren bozeramaileak onartu zuen Johnsonek bazuela Picherren aurkako salaketen eta haren "jokabide desegokiaren" berri hura izendatzerako. Johnsonek barkamena eskatu behar izan zuen. "Ahaztua" zuela esan zuen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Erresuma Batua Eguneko albisteak Albisteak Boris Johnson