Mundua -

Japonia

Shinzo Abe lehen ministro ohia oso larri, mitin batean hainbat tiro jaso ostean

Atentatuaren ondoren, helikopteroz eraman dute ospitalera, eta osasun zerbitzuak bizitza salbatzen saiatzen ari dira orain. Ustezko erasotzailea atxilotu egin dute.

Atentatua izan den lekua. Argazkia: EITB MEDIA
Atentatua izan den lekua
Shinzo Abe Japoniako lehen ministro ohia hil egin da, kanpainako ekitaldi batean hainbat tiro jaso ostean

0:44

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Shinzo Abe Japoniako lehen ministro ohia oso larri dago (bihotza gelditu zaio) mitin batean zegoela eskopeta baten hainbat tiro jaso ostean Nara hirian. Atentatua gaur, ostirala, izan da, hango agintariek azaldu dutenez.

Une honetan, ustea da Abek hainbat tiro jaso dituela bizkarrean, kalean hitzaldi bat ematen ari zela. Orain, osasun zerbitzuak agintari ohiaren bizitza salbatzen saiatzen ari dira, Poliziak eta Nara (Japoniako mendebaldean) hiriko osasun zerbitzuetatik adierazi dutenez.

Atentatua aipatutako hiriko tren geltoki batetik gertu izan da, mitin batean parte hartzen ari zela. Narako Poliziak gizon bat atxilotu du, erasoa berak egin duelakoan.

Zenbait lekukok adierazi dutenez, tiroak entzun dira, eta, ondoren, Abe lurrera erori da, NHK telebista katearen arabera.

Osasun zerbitzuak Kashihara hiriko ospitale batera eramaten ari dira agintari ohia, bizitza salbatzen saiatzeko.

Atentatua hango 11:30 aldera (Euskadiko 04:30ean) izan da, kanpaina ekitaldian zeuden hiritar talde handi baten aurrean.

Atxilotua, Armadako kide ohia

Poliziak atxilotutako gizonak Yamagami Tetsuya du izena. 41 urte ditu eta Autodefentsarako Itsas Indarren (Armada janponiarra) kide ohia da.

Tetsuya Nara hiriko bizilaguna da, eta, atxilotu dutenean, arma bat zuen eskuetan, ustez, Abe bi aldiz tirokatzeko erabili duena. 

Defentsa Ministerioaren arabera, ustezko erasotzailea Autofedentsarako Itsas Indarren kide izan zen hiru urtez, 2005era arte; talde horrek artxipielagoa defendatzeko ardura du.

Gaitzespena

Nazioarteko zenbait agintarik Aberen aurkako atentatua gaitzetsi dute. Erasoaren ondotik agertu direnen artean, Pedro Sanchez, Jens Stoltenberg, Ursula Von der Leyen, Boris Johnson, Emmanuel Macron, Jacinta Arden eta Charles Michael izan dira, besteak beste.

Fumio Kishida Japoniako gaur egungo lehen ministroak baieztatu egin du Abe "oso larri" dagoela, eta gertatutakoa "ekintza basatia" izan dela. Gainera, "gaitzespen irmoa" egin du gertatutakoaz. "Espero dut lehen ministroak bizirik jarraitzea", esan du Kushidak prentsaurreko batean. 

"Ekintza barkaezina da. Gobernuak beharrezko neurriak hartu nahi ditu etorkizunean halako egoerak aurreikusteko eta dagokion moduan erantzuteko", gaineratu du.

Abe, lehen ministro karguan denbora gehien eman duena

Abek 2020ko irailean utzi zuen kargua osasun arazoak zirela medio, eta postu horretan denbora gehien eman duen politikari japoniarra da.

Buruzagi kontserbadorea Japoniako Parlamenturako egitekoak diren hauteskundeetako kanpainan parte hartzen ari zen. Hauteskundeak igande honetan egingo dira eta, horietan, Aberen eta Fumio Kishida gaur egungo lehen ministroaren Alderdi Liberal Demokratikoak gehiengoa lortzea espero dute berriro.

Hauteskunde kanpainako mitinak kalean egin ohi dira Japonian, segurtasun neurri gutxirekin; izan ere, kriminalitate txikiko herrialdea da eta apenas egoten da erasorik suzko armekin.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Atentatuak Japonia Eguneko albisteak Albisteak