Mundua -
Erroma
Krisi politikoa Italian: Mario Draghik dimisioa aurkeztu du, baina Errepublikako presidenteak ez dio onartu
Italiako lehen ministroak dimisioa eman behar zuela iragarri du, Gobernu koalizioaren barruan Bost Izar Mugimenduarekin (M5S) krisia izan eta gero. Sergio Mattarellak, ostera, Parlamentura bidali du.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Sergio Mattarella Errepublikako presidenteak ez du Mario Draghi Italiako lehen ministroaren dimisioa onartu.
Gobernatzeko gehiengoa ote duen egiaztatzeko, Parlamentuan aurkezteko agindua eman dio Mattarellak. "Errepublikako presidenteak ez du dimisioa onartu, eta Gobernuko presidenteari Parlamentuan azalpenak ematea eskatu dio, Senatuko gaurko eztabaiden ondotik, egoera baloratzeko", jakitera eman du Estatuko buruzagitzak ohar batean.
Draghik dimisioa eman behar zuela iragarri du arratsaldean, Gobernu koalizioaren barruan Bost Izar Mugimenduarekin (M5S) krisia izan eta gero.
Draghik Ministroen Kontseiluan iragarri die erabakia Gobernuko kideei, eta ordu gutxien buruan jakinaraziko dio Sergio Mattarella Errepublikako presidenteari.
Gaur goizean, M5Sk uko egin dio Senatuan konfiantza mozio batean bozkatzeari, Gobernu koalizioko gainerako kideek egin ez bezala.
"Aurreratu nahi dizuet arratsalde honetan Errepublikako presidentearen aurrean dimisioa aurkeztuko dudala. Gaur Parlamentuan izan den bozketa gertakari oso esanguratsua da ikuspuntu politikotik", esan du Draghik Ministroen Kontseiluaren aurrean, Erroman.
"Gobernu hau sorreratik babestu duen batasun nazionaleko gehiengoa ez da existitzen jadanik, eta Gobernuaren ekintza oinarri zuen konfiantza ituna bukatu da", erantsi du.
M5S barik gobernatuko ez zuela ohartarazi zuen Draghik dagoeneko, nahiz eta koalizioa uzteak karguan jarraitzea ez eragotzi; izan ere, gehiengo parlamentario zabal baten babesa jarraitzen du izaten.
Draghiren eta Giuseppe Conte M5Sko buruzagiaren arteko azken tirabira inflazioaren aurkako laguntzen dekretu batek eragin du. "Kastaren" kontrako alderdiak "nahikoa" ez dela uste du. Gainera, Erromako hirian zabor erraustegi baten finantzazioa aurreikustea kritikatu du.
Aldez aurretik ere desadostasun sakonak izan dituzte; Ukrainako erresistentziari armak ematen jarraitzea, esaterako.
Draghik 2021eko otsailean hartu zuen Exekutiboa zuzentzeko ardura, pandemiaren krisiari aurre egiteko Contek kargua utzi ondoren. Alderdi guztiek osatzen zuten Gobernu koalizioa, Giorgia Meloniren indarrak izan ezik.
Hauteskunde orokorrak deitzeko interes handiena Melonik du inkestetan gora egin duelako Draghiren oposizio bakar gisa, eta lehen indarra izango dela diote.