Mundua -

Suteak Frantzian

19.000 hektarea baso erre dira astebetean Landetan, 27.100 futbol zelairen pareko azalera

Une honetan, bi sute daude aktibo Landetako Parke Naturalean, kontroletik kanpo biak ere, eta 37.000 pertsona baino gehiago ebakuatu dituzte azken astean. Gizon bat atxilotuta dago astelehen arratsaldetik, Landirasko sua piztu zuelakoan.

Suhiltzaileak sugarrei aurre egiten, Landetan. EFE
Suhiltzaileak sugarrei aurre egiten, Landetan. EFE
Suak Arcachongo badian dagoen Pilat Duna ospetsua inguratuta dauka

0:35

O. P. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Duela astebetetik Bordele hegoaldean, Landetako Parke Naturalean, piztuta dauden suteek kontrolik gabe jarraitzen dute. 19.000 hektarea baso baino gehiago kiskali dira; 27.100tik gora futbol-zelairen azaleraren parekoa da erre dena, eta 37.000 pertsona baino gehiago ebakuatu behar izan dituzte. Agintariek adierazi dute egoerak oso txarra izaten jarraitzen duela, eta egoera hori are gehiago okertzen ari dela haizearen bat-bateko norabide-aldaketen ondorioz. 

Girondako departamentuko Prefeturak Twitterren adierazi duenez, gaua "oso zaila" izan da, eta adinekoen egoitza bat hustu dute azken ordu hauetan Pilaten, La Teste de Buch ondoan. Inguru horretan, dagoeneko 6.500 hektarea kiskalita dira. Suak, esate baterako, Arcachongo badian dagoen Pilat Duna ospetsua inguratu du.   

Akitaniako DFCIk (basoak suteen aurka babesteko bulegoa) eta ONFk (basoen bulego nazionala) suebakiak eraikitzen jarraitzen dute eremu horretan, basogintzako enpresen eta armadako hondeamakinen laguntzarekin. Azken horiek gau osoa eman dute lanean Biscarrosse iparraldean suebaki bat eraikitzeko, eta gaur ere lanean jarraitzen dute.

Landirasko sutean ez da beste inor etxetik atera behar izan gauean, baina sugarrek aurrera egiten jarraitu dute, eta 12.800 hektarea erre dira, Prefeturak zehaztu duenez.

Gizon bat atxilotuta dago astelehen arratsaldetik, bera izan daitekeelakoan Landirasen sua piztu zuena.

Herrialde osoko 2.000 suhiltzaile baino gehiago ari dira lanean, lurrez eta airez, hainbat hegazkinen bidez, azken egunetako muturreko beroak eta haize-aldaketa etengabeek berpiztu dituzten suak kontrolatzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Suteak Frantzia Eguneko albisteak Albisteak Bero-boladak