Mundua -
ameriketako estatu batuak
Bi urte eta erdiko zigorra ezarri diote Floyden hilketan nahasitako agenteetako bati eskubideen urraketagatik
2020ko maiatzean Floyden hilketa eragin zuen atxiloketan biktimaren eskubide konstituzionalak urratzeagatik kondenatutako Minneapoliseko Poliziako lau kide ohietako bat da.
agentziak | eitb media
Bi urte eta erdiko espetxe zigorra ezarri diote ostegun honetan Thomas Lane George Floyd hiritar afroamerikarraren hilketan nahasitako Minneapoliseko Poliziako kideetako bati biktimaren eskubide zibilak urratzeagatik. Izan ere, ez zioten arreta medikorik eskaini, ia hogeita hamar aldiz ohartarazi arren ezin zuela arnasarik hartu.
Maiatzean, bigarren graduko nahi gabeko hilketa delituagatik errudun jo zuen bere burua Lanek, eta beste zigor horren zain dago orain; aurreikuspenen arabera, irailaren 21ean izango du horren berri. Bai Minnesotako Fiskaltzak, bai bere defentsak, hiru urteko kartzela zigorra eskatu dute aho batez.
2020ko maiatzaren 25ean Floyden hilketa eragin zuen zoritxarreko atxiloketan biktimaren eskubide konstituzionalak urratu izanagatik kondenatutako Minneapoliseko Poliziako lau kide ohietako bat da.
Oraindik ez dituzte J. Alexander Kueng eta Tou Thaoren entzuteak programatu, baina Lanena baino epai federal luzeagoak jasotzea espero da. Joan den hilabeterako zegoen aurreikusita estatu-epaiketa, baina urte amaierara atzeratu zuten azkenean.
2021eko ekainean, 22 urte eta erdiko espetxe zigorra ezarri zioten Derek Chauvin polizia ohiari, herri-epaimahai bateko hamabi kidek bigarren graduko nahi gabeko hilketa, hirugarren graduko hilketa eta bigarren graduko homizidio delituen errudun jo ondoren. Beranduago, abenduan, Floyden eskubide zibilak urratu izana egotzi zioten, eta 25 urte gehiagoko espetxe zigorra jaso dezake horregatik.