Mundua -
AMERIKETAKO ESTATU BATUAK
Trumpek bere buelta posiblea aurreikusi du
Washingtonen adierazi du azken hauteskundeak irabazi zituela, eta 2024koetara aurkezteko atea zabalik utzi du.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Etxe Zuria utzi eta 18 hilabeteren ostean, Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidente ohia astearte honetan berragertu da Washingtonen. Bertan, azken hauteskundeak irabazi zituela esan du, eta 2024koetara aurkezteko atea zabalik utzi du.
Trumpen buelta Ordezkarien Ganberako batzordeak Kapitolioari egindako erasoa ikertzen hasi direnean heldu da. Ordezkarien Etxeak Trump pasibotzat jo du, protestak garaiz geldiarazi nahi ez izatea leporatuta.
Errepublikanoak, bestalde, batzorde horretako kideei leporatu die "Errusiako agente bat zela esaten zuten berak direla". Izan ere, FBIk Trumpen 2016ko hauteskundeetarako kanpaina ikertu zuen Errusiarekin zituen loturengatik.
Bere itzuleran presidente ohiak argi utzi du bere herrialdeagatik "sakrifikatuko" dela, eta hori egitea berarentzat "ohorea dela", bestela nazioa "kondenatuta" egongo litzatekeelako "Venezuela edo Sobietar Batasuna izatera".