AEB-ko HAUTESKUNDEAK -

Profila

Obama: mitoa, gizaki bihurtuta

2008an, mundua liluratu zuen "Yes, we can" esanez. 2012an, desengainua izango du arerio nagusi.

Barack Obama. EFE
Barack Obama. EFE
Barack Obama. EFE

D. Perez

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Barack Hussein Obama, AEBetako 44. presidente eta Bakearen Nobel sariduna, bere buruaren aurka lehiatuko da azaroaren 6ko hauteskundeetan.

Horren arerioa ez da Mitt Romney izango, desengainua baizik. 2008an, hautagai erromantikoena izan zen, aldaketa gogoa, lider mesianikoa, Martin Luther Kingen ametsa. 2012an, gizakia baino ez da, krisi ekonomikoak irentsitako enegarren buruzagia izatea galarazi nahi duena. AEBetako ekonomia hazi egin da berriz, eta eurogunea ez bezala, herrialdea ez da bigarrenez sartu atzeraldian, baina langabezia puntu eta erdi igo da bere agintaldian.

Horrenbestez, Obamaren erronka nagusia distira berreskuratzea izango da, duela lau urte aurreiritziak gainditu eta AEBetako lehen presidente beltzarekin amesten hasi zirenak berriz liluratzea.

Lehen harria dagoeneko jarri du: maiatzean, homosexualen arteko ezkontzen alde agertu den lehen presidente estatubatuarra izan zen. Hori bai, 2008ko Obama.

Herrialdean aldaketa ekarri nahi zuen, baina Historiak Osama Bin Laden Al Kaidako burua zena akabatzeagatik gogoratuko du.

Obamak amaiera eman zion Irakeko gerrari, eta osasun sistema goitik behera aldatzeko anbizio handiko erreforma onartu zuen.

AEBak osasun sistema publiko unibertsalik gabeko herrialde industrializatu bakarra dira, eta Obamak zerbitzua estatubatuar guztientzat zabaldu nahi izan zuen. Gidoia, baina, ez da beti betetzen: europarrentzat ulertezina bada ere, estatubatuar gehienak erreformaren aurka agertu ziren. Horrenbestez, horren ondare nagusia izan behar zuena oztopo nagusia izan daiteke.

Bestalde, legegintzaldia bukatuta, hainbat promes betegabe utzi ditu. Adibidez, ez du itxi Guantanomoko espetxea, eta ez du hobetu hispanoen bizimodua.

Obamak "Yes, we can" (Bai, ahal dugu) promestuz liluratu zuen mundua. Obama, oraindik ere ahal duzu?

BIOGRAFIA

Barack Obama 1961. urtean jaio zen, Hawaiin. Ama Stanley Ann Dunham izeneko Kansaseko antropologoa zen, eta, aita, Kenyako ekonomialari bat, Barack Obama senior. Biak hilda daude.

Obamak bi urte zeuzkanean gurasoak banandu egin ziren. Geroztik, behin bakarrik ikusi zuen aita, hura AEBetara egindako bisita batean, alegia.

Ama bigarrenez ezkondu zen, Indonesiako gizon batekin, eta Obama gazteak hainbat urte eman zituen herrialde horretan. Hawaiira itzuli zenetan, aiton-amonekin bizi izan zen.

Nerabe bihurria izan zen, baina eskola ibilbide aparta egin zuen. Harvardeko eta Columbiako unibertsitateetan ikasi zuen, irakasle lanak egin zituen eta azkenik Illinoisko senatari bilakatu zen.

Iritzi publikoak 2004. urtean ezagutu zuen, Alderdi Demokrataren Konbentzioan. "Ez dago AEB zuri bat eta AEB beltz bat, Ameriketako Estatu Batuak daude", esan zuen bertan.

Bi liburu idatzi ditu, "The Audacity of Hope" (Itxaropenaren ausardia) eta "Dreams from my father" (Nire aitaren ametsak). Biak best seller izan dira nazioartean.

Michelle Robinson Obamarekin ezkonduta dago. Bi alaba dituzte, Malia Ann eta Natasha (Sasha).

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea