Mundua -
Gatazka
15 palestinar hil dituzte Gazako Zerrendan
Israelen eta Palestinako Jihad Islamikoaren arteko indarkeriak ez du etenik Gazan, eta hainbat su-truke izan dira larunbat goizaldean.
Agentziak | EITB MEDIA
Israelen eta Palestinako Jihad Islamikoaren arteko su-trukeak bigarren eguna du gaur, su-eten zantzurik gabe eta biktimak etengabe handituz, 15 hildako (denak palestinarrak) eta 150 zauritu inguru izan baitira.
Atzo Israelgo "prebentziozko erasoaldi" gisa hasi zena, 2021eko indarkeria-gorakadarik larriena da jada.
Goizean goizetik eta egun osoan zehar, alarmak etengabe entzun dira Gazako mugakide diren Israelgo komunitateetan, Jihadek etengabe jaurtitako suzirien ondorioz.
Talde islamistak 350 kohete baino gehiago jaurti ditu Israelen erasoari erantzuteko. Gehienak eremu irekietan jo dute edo Israelgo airearen defentsa sistemak geldiarazi ditu.
Israelgo Armadak, bestalde, Zerrendan zehar bonbardaketak egiten jarraitzen du, eta bost solairuko eraikin bat suntsitu du eraso horitako batean.
Bonbardatutako tokien artean daude, halaber, Palestinako Jihad Islamikoak ustez armamentua fabrikatzeko eta biltegiratzeko erabiltzen zituen instalazioak, kontrol militarrerako postuak eta suziriak jaurtitzen ziren tokiak, drone, helikoptero eta borroka-hegazkinen bidez erasotuak.
Biktima palestinarren kopuruak gora egin du orduek aurrera egin ahala, eta 62 urteko emakume bat hil dute, atzo bost urteko neskato bat hil zuten.