Itxi

Mundua

Kabulen sartu ziren

Urtebetea talibanek Afganistanen boterea berreskuratu zutela

XABIER URTEAGA | EUSKADI IRRATIA | EITB MEDIA

Mikel Ayestaran EITB Mediako berriemailearen hitzetan, urtebete igarota, miseria eta pobrezia dira nagusi Afganistanen eta emakumeen eskubideak erabat ezabatuta daude. "Herrialde miserablea da, jendeak itxaropena galdu du", esan du.

  • Emakumezko afganiar baten irudia. Argazkia: EFE

    Emakumezko afganiar baten irudia. Argazkia: EFE

Talibanek Afganistanen boterea berreskuratu zutela urtea bete da. Abuztuaren 14an hartu zuten Kabul hiriburua, eta Ahsraf Ghani orduko presidenteak herrialdetik ihes egin zuen. Afganiar asko saiatu ziren herrialdea uzten, baina gutxiengoak lortu zuen.

Urtebete igarota, talibanen legeak dira nagusi Afganistanen, emakumeen eskubideak erabat ezabatuta, miseria eta pobrezia dira nagusi. Kabulera iritsita, talibanen aurreko eta ondorengo herrialdearen erretratua egin du Mikel Ayestaran EITB Mediako berriemaileak.               

"Herrialde miserablea da, gosea heldu da. Jendeak itxaropena galdu du, ez dago lanik, langabeziak gora egin du ikaragarri, ez dute dirurik, eta gazteek bai ala bai utzi nahi dute herrialdea", azaldu du Euskadi Irratiari egindako adierazpenetan.

Talibanak Kabul hiriburuan sartu zirenean, herrialdetik ihesi atera ziren milaka lagunen artean, emakume bat ezagun egin zen, Nilofar Bayat. Abokatua ikasketez, emakumeen eta eskubideen defendatzailea sutsua. Gaur egun, Euskal Herrian bizi da.

"Egoera ikaragarria da, latza", esan du. "Eskola eta unibertsitateak itxita, 300 egun badira neskek ezin dutela ikasi eta kalean burka eraman behar dute". Bayat sorterritik aritu izan da bere emakume herrikideen eskubideak defendatzen eta orain atzerritik oso kezkatuta ikusten du gertatzen ari dena: ''Genero apartheida egiten ari dira talibanak, gizartearen erdia, emakumeak, suntsitu nahi dituzte. Emakumeak garelako ez dugu bizitzeko eskubiderik".

Emakumeak, ordea, ez daude ixilik eta Talibanen iritsieratik urtebetera protesta egiteko asmoa dute Kabulen. "Itxaropena badago eta benetan harrigarria da emakume horiek egin duten lana, borrokan ari dira, lehen egunetik", adierazi du Ayestarenek.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena