Mundua -

UKRAINAKO GERRA

Energia Atomikoaren Nazioarteko Erakundeak "lehenbailehen" bidali nahi luke ikuskatze-misioa Zapiorizhiara

Errusiako Armadaren esku dago une honetan Europako zentral nuklear handiena, ukrainar langileek bertan jarraitzen duten arren. Etengabeko erasoak jasatzen ari da zentrala eta bi aldeek elkarri egozten diote gerta daitekeenaren errua.

Zapiorizhiako zentral nuklearra, Ukrainan. Argazkia: EFE
Zapiorizhiako zentral nuklearra, Ukrainan. Argazkia: EFE
Putinek onartu egin du nazioarteko talde batek Zaporizhiako zentral nuklearra ikuskatzea

01:05

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Energia Atomikoaren Nazioarteko Erakundeak (IAEA) "ahalik eta zuhurtziarik handiena" eskatu die errusiarrei eta ukrainarrei Zapiorizhia zentral nuklearrean kontrolaren gaineko gatazkan, eta bi aldeekin harreman estuak hasi ditu adituz osatutako misio bat "lehenbailehen" bidali ahal izateko. Iturri batzuen arabera, misioa irailaren hasieran irits daiteke.

Rafael Grossi IAEAko zuzendari nagusiak adierazi duenez, bai Ukrainak bai Errusiak onartu dute jada talde horren ikuskapena, baina baldintza guztiak zehaztea falta da oraindik. Jarrera baikorra da, behintzat, eta Europako zentral nuklear handiena zein egoeratan dagoen laster ikusi ahal izango da.

Errusiako Armadaren esku dago une honetan zentral nuklearra, baina ukrainar langileek bertan jarraitzen dute beharrean. Etengabeko erasoak jasatzen ari da instalazio nuklearra eta bi aldeek elkarri egozten diote gerta daitekeenaren errua.

"Tentsioak murrizteko eta segurtasun nuklearra bermatzeko eta herritarrentzat eta ingurumenarentzat edozein eragin erradiologiko prebenitzeko beharrezko urratsak emateko premia larria dago", adierazi du IAEAko arduradun nagusiak.

Agentziak Txernobylgo zentral nuklearra bisitatzeko aukera izan zuen Errusiaren erasoaldia hasi ostean, baina oraingoz ez du lortu Zapiorizhiakora sartzea.

Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak iragarri duenez, "errusiarrek erradiazioarekin xantaia egiten jarraitzen badute, inoizko udarik tragikoena izan daiteke hau Europako hainbat herrialderentzat".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ukraina Europa Mosku Vladímir Putin Eguneko albisteak Albisteak Errusia-Ukraina gerra Volodimir Zelenski