Mundua -
LATINOAMERIKA
Kolonbiako presidenteak ELNko negoziatzaileen kontrako atxilotze eta estradizio aginduak erretiratu ditu
Aste honetan berriro ekin diete bake negoziazioei ELNrekin, Kuban. Bestalde, kupula militarrarekin bildu da Gustavo Petro Bogotan eta "bakerako armada" eraiki nahi duela adierazi du.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Gustavo Petro Kolonbiako presidenteak iragarri duenez, Kuban dauden Askapen Nazionalerako Armadako (ELN) gerrillako negoziatzaileen aurkako atxilotze eta estradizio aginduak bertan behera uztea erabaki dute, bake-elkarrizketak hasteko.
"Jakinarazi nahi dizuet atzo sinatutako dekretu baten bidez, baimena eman dudala protokoloak leheneratzeko, negoziatzaileak baimentzeko, euren erakundearekin berriro kontaktatzeko aukera emateko, eta negoziatzaile horiek atxilotzeko eta estraditatzeko aginduak bertan behera uztea erabaki dudala, ELN Nazio Askapenerako Armadarekin elkarrizketa has dadin". Gainera, autodefentsetatik eratorritako taldeei bide horri heldu eta ba-proiektuetan sartzeko eskatu die.
Hain zuzen ere, aste honetan berrikin diote negoziaketari Petroren Gobernuak eta ELNk Habanan (Kuba). Ivan Danilo Rueda Bakerako Kolonbiako Goi Mandataria eta Alvaro Leyva ministroaren ari dira parte hartzen.
"Bi aldeak bat gatoz Kolonbiako gizarteari eta munduari benetako borondatea dugula erakutsi behar diogula", esan zuen Antonio Garcia gerrillako buruak.
Azken negoziaketetan, ELNk ez zituen onartu Ivan Duqueren Gobernuaren eskakizunak, eta, azkenean, 2019ko urtarrilean, erabat eten zituen Duquek elkarrizketak, ELNk Poliziaren kadeteen eskola baten aurkako erasoa egin eta 20 lagun hil ostean.
"Bakerako" armada eraikitzea
Atzo, Bogotan, Aginte Transmisiorako eta Tropa Militarak Aitortzeko zeremonian, Petrok adierazi zuen Armadak "bakerako prestatzen" hasi behar duela eta berak hori lortzea espero duela gaineratu zuen: "Kolonbiako herriak eskatzen duena (...) bakerako prestatzen hasiko den Armada da, lortuko bagenu, bakerako armada izango litzatekeena".
"Hori da gure erronka. Ez luke Kolonbiako presidente izateak zentzurik izango, etorkizuneko zutabeak eraikitzeko ez bada. Tartean, etorkizunean behin betikoa izango den bakea eraikitzeko zutabeak jarriz. Kolonbia gerrara kondenatzeak ez du dominarik merezi. Historiara pasatuko gara, ez ni bakarrik, baita belaunaldi honetako pertsona guztiak ere, zuek guztiok, soldadu eta jeneral, bakea eraikitzen badugu ", adierazi zuen.
Azkenik, Petrok Indar Militarrei herrialdea industrializatzen laguntzea proposatu zien, Japoniak bake garaian egin zuen bezala.
Indar Armatuei agindu die Amazoniako oihana babesteko
Armadari eta Poliziari, bestalde, Amazoniako oihana babesteko agindua eman die aste honetan, "segurtasun nazionaleko" gaia delako. "Lehenik eta behin, Amazoniako oihanaren suntsitzaile handiak atxilotzeko eskatzen dizuet. Agindu bat da", esan zuen ostegunean Amazoniara egindako bisitan.
Bertan, Amazoniako oihanari eragiten dioten suteei aurre egiteko aireko flota bat sortzea ere proposatu zuen. Horretarako, nazioarteko laguntza eskatu zuen ekimena finantzatzeko, eta Amazoniako oihanak munduarentzat duen garrantzia azpimarratu zuen: "Amazoniako oihana desagertzen bada, jendartea itzulerarik gabeko puntu batera iritsiko litzateke, eta ezin ginateke salbatu. Kolonbiako ur guztia, Karibe Ozeanora iristen dena barne, hemen sortzen da, batez ere ".
Bestalde, Petro presidenteak Amazoniako Lankidetza Itunari (TCA) berriz ere garrantzia emateaz hitz egin zuen. Hitzarmen hori 1978an sinatu zuten Boliviak, Brasilek, Kolonbiak, Ekuadorrek, Guyanak, Peruk, Surinamek eta Venezuelak, Amazoniako arroaren ondare naturala babesteko, garapen jasangarriaren printzipioen bidez.