Mundua -

Ukrainako gerra

Estatu Batuek eta Errusiak elkarri leporatu diote Ukrainako gerraren ardura

NBEren Segurtasun Batzordeak ezohiko bilera egin du Ukrainaren inbasioak nazioartean eragin duen krisia aztertzeko, baina batzarra inolako erabakirik hartu gabe amaitu da.

Emakume bat Ukrainan bonbek suntsitutako eraikin baten aurrean. Argazkia: EFE
Emakume bat Ukrainan bonbek suntsitutako eraikin baten aurrean. Argazkia: EFE
Emakume bat Ukrainan bonbek suntsitutako eraikin baten aurrean. Argazkia: EFE

AGENCIAS | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ameriketako Estatu Batuek eta Errusiak elkarri leporatu diote Ukrainako gerraren ardura eta gatazka horrek nazioartean eragin duen tentsioaren gorakada.

Txinak hala eskatuta, Nazio Batuen Erakundearen Segurtasun Kontseiluak ezohiko bilera egin du "segurtasuna elkarrizketaren eta elkarlanaren bidez sustatzeko" asmoz, baina ezinezkoa izan da adostasunik lortzea, batik bat Mosku eta Mendebaldeko herrialdeak elkarri mokoka aritu direlako.  

Linda Thomas-Greenfield enbaxadore estatubatuarrak salatu du Errusiak Nazio Batuen Gutuna urratu zuela Ukraina legez kanpo inbadituta eta gatazka diplomaziaren bidez konpontzeko aukerari behin eta berriro uko egin izan aurpegiratu dio.

"Errusiak subiranotasuna, lurralde batasuna eta segurtasuna bezalako kontzeptuak berriro definitzen saiatu da", kritikatu du.

Ildo horretan, gogora ekarri du Errusiako Armadak hamarnaka mila heriotza eta errefuxiatuen krisia eragin dituela Ukrainan. Halaber, gerra horren ondorioz elikagaien segurtasuna munduan okerrera egin duela erantsi du.  

Vasilli Nebenzia enbaxadore errusiarrak, berriz, Ukrainan eta nazioartean bizi den egoeraren ardura Mendebaldearen dela adierazi du, bere hegemoniari eutsi nahi diolako eta Sobietar Batasuna desagertu zenean NATOk egindako promesak bete ez direlako.

"NATOk hedatzen jarraitu du eta bere azpiegitura militarra gure mugaraino ekarri du. Horrek Errusiaren segurtasuna jarri du", azaldu du.

Egungo gerra NATOren politikaren ondorioa dela eta Ukraina "sakrifikatu" egin dutela azpimarratu du Nebenziak.

Horrez gain, mendebaldeko herrialdeek Asian eta Afrikan duten jarrera salatu du, bere ideologia eta eredu politikoa mundu osoan ezarri nahi duela kritikatuta.

"AEBk Taiwanen egin nahi duten horrek erakusgarri da. Probokazio bat da eta beste herrialdeen subiranotasunarekiko errespeturik ez dutela erakusten du", berretsi du.

Bestalde, Antonio Guterres NBEren idazkari nagusiak ohartarazi du gerra nuklear bat izateko "arriskua inoiz baino handiagoa" dela eta segurtasun sistema guztia "mehatxupean" dagoela.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ukraina Ameriketako Estatu Batuak Errusia NBE Eguneko albisteak Albisteak Errusia-Ukraina gerra