Mundua -
Istripua itsasoan
Gibraltarko ontzitik fuel-olioa ateratzeko lanak zaildu ditu ur-sartze batek
Haitzeko Gobernuak adierazi du erregaia ateratzeko erritmoa aurreikusitakoa baino motelagoa izaten ari dela. Ontzia hondoa jota dago astelehenetik, gas-ontzi batekin talka egin ostean.
agentziak | EITB MEDIA
Joan den astelehenean Algecirasko Badian gas-ontzi batekin talka egin zuen eta Haitzaren ekialdean hondoa jota dagoen OS 35 ontziaren fuel-olio astuna erauzteko lanak zaildu ditu ur-sartze batek. 126 tona fuel-olio astun atera behar dituzte ontziko 1. tanketik.
Gibraltarko Gobernuko iturriek azaldu dutenez, sartutako uraren ondorioz ezin dituzte erregaia ponpatzeko ontziko sistema propioak erabili. Hori dela eta, ontzitik kanpoko sistema independenteetara jo beharko dute langileek fase honetan.
Bestalde, aipatutako iturriek nabarmendu dute arrakastaz erauzi dutela jada 2. tankeko 96 tona fuel-oil astunen gehiena, uraren sarrera lan horien bigarren fasea geldotzen ari bada ere.
Aldi berean, Itsas Salbamendurako Clara Campoamor ontzia kutsaduraren aurkako kilometro bateko hesia eraikitzen ari da OS 35aren inguruan, eta asmoa da hurbileko beste zenbait puntutan ere hesiak ezartzea, 1. tankearen ponpaketak eragin ditzakeen isuriei eusteko.
Gibraltarrek onartu du "saihestezina" dela erregai "hondar txikiak" itsasora filtratzea. Izan ere, "langileak erregaia ontzitik ateratzeko zain dauden bitartean, tankeek zikin jarraituko dute".
Bestalde, jakinarazi du katamaran txalupa txiki bat, gisa honetako 24 orduko lanetarako bereziki diseinatua, Gibraltarrerantz doala Cadiztik, jada itsasoan isurita dauden petrolio hondarrak erretiratzeko. Hidrokarburo orbana sortu dute Haitz inguruan, eta hondakin beltzak Gibraltarko eta Linea de la Concepcion kostaldeko hondartzetara iritsi dira.