Mundua -

Doha hirian

Lau haur espainiar hil dira Qatarren, sute baten ondorioz

Guztira, 13 izan dira Dohako (Qatarreko hiriburua) zentro komertzialean piztu den sutean hildako haurrak. Lekuko batek "suhiltzaileak haurtzaindegiaz ahaztu" direla esan du.

Dohako zentro komertzialaren irudia. Argazkia: EFE
Gutxienez 19 hildako, Qatarren piztutako su handi batean

00:23

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gutxienez 19 pertsona hil dira, horien artean lau haur espainiar, Dohako (Qatarreko hiriburua) zentro komertzial batean piztu den sute handi baten ondorioz. Sugarrak kanpotarrentzako haurtzaindegi batera heldu dira.

Sutea "Villaggio"ko jatetxe batean hasi da, 11:00etan (08:00 GMT), eta azkar zabaldu da inguruko guneetara, baita eskaileretara ere, biktimak erreskatatzea zaildu du horrek. Guztira, 13 haur, lau irakasle, eta bi suhiltzaile hil dira.

Gimpanzee deitutako haurtzaindegian 20 haur zeuden, Qatarreko Barne ministroak azaldu duenez. Dirudienez, egun horretan ez da klaserik izan Dohan.

Eraikuntzaren gainean kez betetako hodei handi bat ezarri da eta zentro komertzialaren barrutik zabaldu da, horrek eragina izan du kaltetutako pertsonengan eta suhiltzaileen lanetan. Halaber, 17 pertsona zauritu dira eta beste biktimekin batera Hamad Haurren Ospitalera eraman dituzte. Mediku batek azaldu duenez, hildakoen artean zazpi neska eta sei mutil daude.

Larrialdietako zerbitzuek hiru ordu behar izan dituzte sutea kontrolatzeko eta beste hiru barruan bildu den ke guztia kentzeko. Larrialdietako irteeren seinaleak ez dira agerikoak izan.

Ikerketa bat ireki dute

Qatarreko Barne Ministerioak Twitter bidez azaldu duenez, agintariek gertakizunak ikertuko dituzte sutea zergatik jazo den argitzeko. Ikerketen emaitzak jakitean, gertaeran nahastuta direnak "berehala" kastigatuko dituztela azaldu du zabarkeriarik egonez gero.

Sute honetan hil den bi urteko haur baten familiarrak zentro komertzialean ez dagoela inolako alarmarik ez ihinztagailurik salatu du.

Espainiako haurretatik hiru anai-arrebak dira

Dohako sutean hildako lau haurretatik hiru anai-arrebak dira, OHL enpresa eraikitzailearen arduradun baten seme-alabak, hain zuzen.

Haurrek 2 eta 7 urte artean zituzten, eta Campo de Criptanako (Ciudal Real) 7 urteko beste neskatila batekin hil dira.

Santiago Lucas Torresek, udalerri horretako alkateak azaldu duenez, neskatilaren familia Dohan bizi da, ingeniaria den aitak han lan egiten duelako, proiektu handien garapenean.

Lekuko batek "suhiltzaileak haurtzaindegiaz ahaztu" direla esan du

19 pertsona hil diren sutearen lekuko batek azaldu duenez, "suhiltzaileek haurtzaindegi bat zegoela ahaztu dute, eta sua itzaltzen zentratu dira".

Daya Jaled lekukoak esan duenez, sutea deklaratu ostean, larrialdietako zerbitzuak hura itzaltzen kontzentratu dira, eta, "ordu erdi geroago, 20 haur zeuden haurtzaindegi bat zegoela jakitean, erreskate lanak hasi dituzte".

"Ezin izan dituzte ohiko sarbideen bitartez erreskatatu, eta teilatutik sartu behar izan dute; jada berandu zen", nabarmendu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea