Mundua -
Gasa
65.000 milioi euro baino gehiagoko dirulaguntza sorta berria onartu du Alemaniak
Olaf Scholz Alemaniako kantzilerrak igande honetan adierazi duenez, Errusia ez da "energia hornitzaile fidagarria". Europar Batzordeko presidentea Qatarreko gas hornitzaile nagusiarekin batzartuko da aste honetan Dohan.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Olaf Scholz Alemaniako kantzilerrak igande honetan adierazi duenez, Errusia ez da "energia hornitzaile fidagarria", eta krisi energetikoari aurre egiteko 65.000 milioi euro baino gehiagoko dirulaguntza sorta adostu dutela iragarri du.
Denbora darama "Putinen Errusiak hornidura kontratua bete gabe", kantzilerraren hitzetan, eta "egoera zail honen eragilea Ukrainari egindako inbasioa da". Dena dela, negu honetan aurrera aterako diren itxaropena azaldu du.
Christian Lindner Alemaniako Finantza ministroak zehaztu duenez, dirulaguntza sorta berri hori zor berriak eragin gabe finantzatu ahal izango dute. Aurreko bi dirulaguntza sorta 30.000 milioi eurokoak izan ziren.
Neurriak
Neurri berriei esker, pentsiodunek 300 euroko dirulaguntza jasoko dute abenduan, eta 200 eurokoa, unibertsitate ikasleek. Gainera, oinarrizko argindar kontsumorako prezio murriztua izango da, eta herrialde osorako eskualdeko garraiorako abonu murriztua ere onartuko dute aurrerago.
Gazpromek erabat eten zuen ostiralean Alemaniarako gas hornidura, olio ihes batengatik, Nord Stream gasbidea itxita. Dena dela, Alemaniako Gobernuak iragarri duenez, gas hornidura erabat bermatuta dago. Gas erreserbak % 85era daude, Alemaniako Gobernuak dekretuz ezarrita, urriaren 1a baino lehen bete beharrekoa zena.
QatarEnergy
Bestalde, Charles Michel Europar Batzordeko presidentea Qatarreko gas hornitzaile nagusiarekin batzartuko da aste honetan Dohan, Qatarreko Gobernuko iturriek aipatuta.
QatarEnergy Qatar Estatukoa da, eta munduko gas esportatzaile nagusienetarikoa da. Hainbat erosle europarrekin negoziatzen ibili da azken hilabeteetan baina, momentuz, ez dute akordio berririk iragarri.