Mundua -
erreferenduma
Normaltasuna eta jendetza nagusi Txileko plebiszituaren lehen orduetan
Hautetsontziak itxi eta bi ordura ezagutuko dira emaitzak. Euskal Herriko 00:00ak aldera hasiko da zenbaketa.
agentziak | eitb media
Normaltasuna eta jendetza izan dira nagusi Txilen konstituzioa bozkatzeko mahaietan. Udaberri kutsuko egun honetan, halakoak izan dira erreferendum erabakigarriaren lehen orduak. 15 milioi txiletarrek Konstituzio berria onartu edo Augusto Pinocheten diktaduraren pean 1980an idatzitakoa mantendu erabakiko dute.
Hautetsontziak itxi eta bi ordura ezagutuko dira emaitzak. Euskal Herriko 00:00ak aldera hasiko da zenbaketa.
Gabriel Boric Errepublikako presidentea izan da hautetsontzietara bertaratzen lehena. Punta Arenas jaioterrian bozkatu du, gurasoek, Irina Karamanos bikotekideak eta bi anaietako batek lagunduta.
Boricek nabarmendu duenez, "munduaren begiak Txileren gainean jarrita daude". Hala, "alaitasunez eta arduraz" bozkatzeko gonbita luzatu die herritarrei eta ohartarazi du, emaitza dena dela, herrialdea prest dagoela erreformekin aurrera egiteko.
Dena den, Michelle Bachelet presidente ohi progresista izan da goiztiarrena, Txileko presidente ohien artean ezezkoaren aldeko botoa argi iragarri duen bakarra. Eduardo Frei zentroko kidea ere ezezkoaren alde agertu da.
Ezezkoaren aldeko Sebastian Piñera agintari kontserbadore ohia ez da hain garbia izan, baina azpimarratu du Txilek "Konstituzio berria eta ona" behar duela.
Igande honetako bozketa historikoan 514.000 atzerritar daude bozkatzera deituta, 2019an erroldatutakoak baino 125.000 gehiago (orduan piztu zen prozesua bultzatu zuen "gizarte eztanda"). Horiek ere eragin handia izan lezakete kolokan dagoen emaitzan, aldea oso estua izango dela aurreikusten baita.