Mundua -
Erresuma Batua
"London Bridge is Down": Elizabeth II.aren heriotzarako prestatutako egitasmoak, martxan
Elizabeth II.a Erresuma Batuko erregina Balmoralen hil da, eta London Bridge operazioa automatikoki martxan jarri dute, baita Unicorn egitasmoa ere, 1960ko hamarkadatik diseinatutako planak.
Agentziak | EITB Media
Elizabeth II.a Erresuma Batuko erregina Balmoralen (Eskozia) hil da, eta London Bridge operazioa martxan jarri dute automatikoki, baita Unicorn egitasmoa ere, 1960ko hamarkadatik diseinatutako planak.
Balmoralen zendu denez, eta ez Londresen, Unicorn operazioa ere martxan jarri dute. Erreginaren gorpua Eskoziatik Ingalaterrako hiriburura eramateko pausoak aurreikusten ditu mekanismoak; izan ere, hileta bertan egingo dute.
Edward Young erreginaren idazkari pribatua albistearen berri izan duen lehen pertsona izan da.
Youngek Liz Truss lehen ministroari abisua eman dio esaldi bakarrarekin: "London Bridge is Down".
Erresuma Batuko Atzerri Ministerioak erregina estatuburu zuten 15 gobernuei heriotzaren berri eman die, baita Commonwealtheko 38 herrialdeei ere.
London Bridge operazioak datozen hamar egunetan gertatu beharreko ekitaldiak aurreikusten ditu.
Ministroek abisua berehala jaso dute posta elektronikoz, eta ondoren, Gobernuko egoitzaren banderak masta erdian jarri dituzte, hamar minuturen buruan.
Press Association (PA) albiste agentziak izan du berria zabaltzeko ardura. Ondoren, jauregiko zerbitzari batek Buckingham jauregia zeharkatu eta heriotzaren jakinarazpen ofiziala atean zintzilikatu du.
Ingalaterra, Eskozia, Gales eta Ipar Irlandako parlamentuek saioak bertan behera utzi dituzte, eta Erregezko Familiaren webgunea beltzean jarri dute heriotzaren iragarpenarekin.
Trussek agerraldia egin du herritarrei lehen mezu bat emateko.
Ondoren, minutu bateko isilune nazionala egingo dute, eta lehen ministroa errege berriarekin bildu da, Spring Tide operazioa martxan jarriz.
Charlesek ere, heriotzaren egunean bertan, lehen mezu bat ematea aurreikusten du egitasmoak.
San Pabloko Katedralean erreginaren oroimenez meza egingo dute, lehen ministroaren parte hartzearekin.
Hileta
Elizabeth II.aren heriotza prestatzeko lehen egitasmoak 60ko hamarkadan hasi ziren planifikatzen, nahiz eta aldaketak izan. Horretarako, Gobernu, Polizia, Armada, komunikabide eta Royal Park elkarteko agintariak urtero bi edo hiru aldiz bildu dira.
Heriotzaren biharamunean, banderak berriz igoko dituzte, eta, 11:00etan, Charles errege izendatuko dute zeremonia batean, St Jamesen. Jauregiko funtzionario batek adierazpen formala irakurriko du, eta Charlesek Eliza babestea zin egingo du.
Parlamentua dolumin mezu bat adosteko bilduko da, eta diputatuek omenaldia egingo diote Komunen Ganberan. Jarduera parlamentario guztia bertan behera geratuko da 10 egunez.
Unicorn operazioa
Eskozian hil ondoren, erreginaren gorpua, hasiera batean, Eskoziako Parlamentura eramango dute, Holyrood jauregira, hain zuzen ere. Jarduera parlamentarioa bertan behera geratuko da automatikoki.
Hurrengo pausoa, gorpua Edinburgoko Royal Mile etorbidetik St Giles katedralera eramatea izango da, non hil kapera jarriko duten.
D-Day+2 egunean, erreginaren hilkutxa Balmoraletik Londreseko Buckingham jauregira eramango dute trenean, Unicorn operazioak aurreikusi bezala.
D+3: egitasmoaren arabera, Erresuma Batuko monarka berriak herrialde osotik bira egingo du, Edinburgo, Belfast eta Cardiff bisitatuz, eta bere amaren oroimenez egiten diren mezatan parte hartuz.
D+5 (6. eguna heriotzaren ondoren): hilkutxa Westminster Hallera eramango dute. Bertan, lau egun emango ditu. Ondoren, Buckingham jauregitik, Mall zeharkatuz, aurreneko desfile militar handia egingo dute, Horse Guards eta enparauekin.
D+10 (hiletaren eguna): 09:00etan, Big Ben mutu geratuko da, hileta elizkizuna iragartzeko. Westminster abadiak 2.000 gonbidatu hartuko ditu.
Hilkutxa 11:00etan tenplura iristea espero da. Jurgi VI.a erregearen kaperan lur emango diote, Windsorreko gazteluan.