Mundua -

Liberiako presidente ohia

Taylor, 50 urteko zigorra Sierra Leonan krimenak eragiteagatik

Sierra Leonako gatazka zibilak 50.000 hildakotik gora utzi zituen. Nazioarteko auzitegi batek presidente ohi bati espetxe zigorra ezarri dion lehen aldia da.

Charles Taylor.
Charles Taylor.
50 urteko kartzela zigorra Liberiako presidente ohiari

01:08

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sierra Leonarako Auzitegi Bereziak 50 urteko espetxe zigorra ezarri dio Charles Taylor Liberiako presidente ohiari, diamanteen truke 1991 eta 2002 urte bitartean ondoko herrialdeko gerra zibilean krimen "krudelak" egiteagatik.

"Aho batez onartu du epaimahaiak kondena", adierazi du Richard Lussick epaileak. "Gizateriaren historian izan diren krimen krudelenetakoak sustatzearen arduradun da"

Era honetan, nazioarteko auzitegi batek presidente ohi bati espetxe zigorra ezarri dion lehen auzia bilakatu da.

64 urteko presidente ohiak zirkinik egin gabe entzun du epaia.

Zigorra atxilotua izan zen unetik kontutan hartzen dela argitu dute epaileek, hau da, 2006ko martxotik, eta helegitea jarri diezaioke.

Fiskalak 80 urteko espetxe zigorra eskatzen zuen baina, azkenean, 50 urte ezarri dizkiote, izan ere, babes logistikoa emanez eta elkartasuna adieraziz parte hartu zuela ondorioztatu dute, ez ordea, krimenetan zuzenean parte hartu zuela.

Krimenen artean, hilketak, mutilazioak eta bortxaketak egon ziren, "bortitzak" gehienak eta biktimekiko eragin suntsitzailea izan zuten.

Taylorrek Fronte Iraultzaile Batuari emandako babesak "gatazkaren iraupena" luzatu zuela berretsi dute epaileek. Azkenik, Auzitegiak baztertu egin ditu defentsak eskatutako aringarriak, besteak beste, familiako baldintzak, adina eta Sierra Leonako bake prozesuan izan zuen papera.

Britania Handiak hartuko du Liberiako presidente ohia, baina oraindik ez dute zehaztu zein espetxetara eramango duten. 1991 eta 2002 urte bitartean Sierra Leonan egon zen gatazka zibilak 100.000 biktimatik gora eragin zituen, horien artean, mutilatu asko eta 50.000 hildako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea