Mundua -
ITALIA
Melonik esan du "hutsik egingo ez duen" gobernua osatzeko lanean ari dela
Italiako hainbat hedabidek gaur zabaldu dutenez, Salvinik Barne ministro kargua nahiko luke, eta baldintza hori jarri du mahai gainean. Bete ezean, eskuineko koalizioa uztearekin mehatxatu omen du.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Joan den igandeko hauteskundeetan garaipena erdietsi ondoren, Giorgia Meloni FdI (Fratelli d'Italia) alderdiko buruzagia eta, ezusteko handirik ezean, Italiako lehen ministro berria izango dena bere lantaldea izango dena osatzen ari da, eta herritarrei eskatu die azken orduotan zabaltzen ari diren zurrumurruei "kasurik ez egiteko". Twitter bidez zabaldutako mezuan, "hutsik egingo ez duen" gobernua eta "maila handiko taldea" osatuko duela hitzeman du. Balizko ministro berrien inguruko izen-dantza handia da egunotan Italiako prentsan, eta horiek isildu nahi izan ditu Melonik.
Halaber, beste mezu batean, Santiago Abascal Vox alderdiko presidenteari zuzendu zaio, Espainia bidelagun izatea nahiko lukeela esanez. "Eskuinaldean Espainiaren zain gaude", esan dio.
Bestalde, Matteo Salvini Legako buru eta Meloniren koalizioko kideak ere oharra plazaratu du gaur, hedabideetan zabaldutako berriak gezurtatzeko. "Zentro-eskuinak arrakasta handiz irabazi ditu hauteskundeak, eta ondo gobernatuko du, zatiketarik gabe. Ezkerrak eta haren aldeko hedabideek onartu egin beharko dute hori", azaldu du.
Italiako hainbat komunikabidek gaur zabaldu dutenez, Salvinik Barne ministro kargua nahiko luke, eta baldintza hori jarri du mahai gainean. Bete ezean, eskuineko koalizioa uztearekin mehatxatu omen du.