Mundua -

Afganistan

Gutxienez 19 hildako eta 27 zauritu Kabulgo ikastetxe batean izandako atentatuan

Afganistango hiriburuko mendebaldean gertatu da leherketa, ikasleak sarrera azterketak egiten ari zirenean. Inguru horretan bizi diren asko Hazara dira, gehienbat xiita den gutxiengo etniko batekoak, Estatu Islamikoaren jomuga izan dena lehenago ere. Hildakoen kopuruak gora egin dezake.

Kabul, Afganistan. EFEren artxiboko irudia.
Kabul, Afganistan. EFEren artxiboko irudia.
Gutxienez 19 pertsona hil dira Kabulgo ikastetxe baten aurka bonbekin egindako erasoan

0:42

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gutxienez 19 pertsona hil, eta beste 27 zauritu dira, gehienak emakumeak, Kabulen (Afganistan) ikastetxe batean izandako leherketaren ondorioz. Iturri polizialek "eraso suizida" izan dela diote.

Gertakaria Dasht e Barchi auzoan izan da, Afganistango hiriburuaren mendebaldean, herrialde horretako Barne Ministerioak eta Tolo News kateak berri eman dutenez.

"Kabul hiriko 13. barrutian dagoen 'Kaj' izeneko ikastetxe bati eraso egin diote ostiral honetan. Sarrera azterketak ari ziren egiten bertan eta, lehen albisteen arabera, 19 pertsona hil dira gutxienez, eta 27 zauritu dira", azaldu du Khalid Zadran Kabulgo Poliziaren bozeramaileak Twitterren. 

Zadranen arabera, zentro pribatua da erasoa jasan duen ikastetxea, izan ere, irakaskuntza zentroak itxita egoten dira ostiraletan Afganistanen. Biktimen adina ez da oraindik jakitera eman, baina horrelako zentroek ikasleak unibertsitatera sartzeko azterketetarako prestatzen dituztenez, nerabeak direla pentsa liteke.

Ikasgela bitan zatituta zegoen, generotan banatuta. Bi atek gizonezkoen eremura eramaten zuten, beste batek emakumezkoenera. "Ikasleak oihuka eta korrika hasi dira, eta bat-batean gizon armatua nesken atetik sartu eta bere buruaz beste egin du", azaldu du Mohammad Zahoorrek, gertakariaren lekuan zegoen ikasleak.

Leherketa izan den eskolaren eremuan bizi diren asko Hazara dira, gehienbat xiita den gutxiengo etniko bat, Estatu Islamiko ultraerradikalak eta beste batzuek egindako erasoen jomuga izan dena.

"Gogor gaitzesten ditugu zibilen kontrako eraso hauek, etsaiaren basakeria agerian uzten dutenak", gaineratu du Poliziaren bozeramaileak.

Oraingoz, talibanek eta nazioarteko komunitateak gaitzetsi egin dute atentatu honen "izugarrikeria", Zabibula Muyahid Afganistango talibanen Informazio ministrordeak azaldu duenez. "Neure egiten dut biktimen familien min sakona, eta beharrezko neurriak hartuko ditugu egileak zigortzeko", adierazi du Twitterren.

UNAMAk, NBEk Afganistanen duen misioak, ere gaitzetsi egin du "eraso gupidagabea".

Inork ez du oraindik bere gain hartu erasoaren erantzukizuna, baina leherketa bat dator Estatu Islamikoaren modus operandiarekin; izan ere, erakunde horrek Kabulgo mendebaldea eta bertako biztanle xiita eta hazarak jopuntu izan ditu sarri. 

Esaterako, irailaren 10ean gaur izandako erasoaren auzo berean izandako bi leherketatan, 5 lagun hil ziren. Halaber, Estatu Islamikoak joan den apirilean meskita xiita batean lehergailuz egindako atentatu bat aldarrikatu zuenean, 12 pertsona hil eta beste 34 zauritu ziren Ramadan erdian.

Hazara gutxiengoaren ikasleen aurkako erasoak ugaritu egin dira azken urteetan Afganistanen. Apirilean, horien aurka izandako azken erasoak gutxienez 6 hildako eta 25 zauritu eragin zituen.

2021eko maiatzean, Dasht e Barchi auzoko emakume eskola baten aurkako atentatu batek 110 hildako utzi zituen, gehienak neskak, eta 290 zauritu. Hilabete batzuk lehenago, 2020ko urrian, gutxiengo horretako ikastetxe baten aurkako beste eraso batek 24 hildako eta 57 zauritu eragin zituen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko azken orduko albisteak Estatu islamiarra berriak Albisteak Gaur Eguneko albisteak Afganistan gaur