Mundua -

UKRAINAKO GERRA

NATOk ohartarazi du Errusiak "Apokalipsiaren arma" daraman urpeko ontzi nuklearra mobilizatu duela

Iturri batzuen arabera, itsaspekoak Nord Stream gasbideen sabotajearekin zerikusia izan dezake. NATO beldur da bere misioa ez ote den Poseidon supertorpedoarekin proba bat egitea izango.

Jens Stoltenberg NATOko idazkari nagusia. Argazkia: EFE
Jens Stoltenberg NATOko idazkari nagusia. Argazkia: EFE
Jens Stoltenberg NATOko idazkari nagusia. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

NATOk inteligentzia-ohar bat bidali die kide dituen herrialdeei, Errusiak K-329 Belgorod itsaspeko nuklearra mobilizatu duela jakinarazteko, La Repubblica egunkari italiarrak jakitera eman duenez. Informazio horren arabera, itsaspeko honek Poseidon misil nuklearra darama barruan, "Apokalipsiaren arma" deritzona.

Urpeko ontzia uztailean itsasoratu zuten, eta hainbat iturri ez ofizialen arabera, Artikoko uretan dabil orain. Nord Stream gasbideen sabotajeetan zerikusia izan duela uste dute iturri horiek.

NATO beldur da bere misioa Poseidon supertorpedoarekin proba bat egitea ez ote den izango. Jaurtigailu horrek ur azpitik 10.000 kilometro egiteko gaitasuna du, eztanda egin aurretik, eta kostaldetik gertu lehertuz gero, tsunami erradiaktiboa sortuko luke.

Errusiak 2018an aurkeztu zuen torpedo nuklearra errusiarren nagusitasun militarra aldarrikatzeko. Hainbat aditu nuklearrek uste dute, dena dela, antzeko eragina lor daitekeela 1960ko hamarkadatik ezagutzen diren kontinente arteko misilekin.

Ameriketako Estatu Batuek satelite sarea aktibatu dute torpedoen jarraipena egiteko, baina ez dira gai itsaspean detektatzeko.

Belgorod ontziak 184 metroko luzera eta 15 metroko zabalera du, eta ur azpian 60 kilometro orduko abiaduran mugitu daiteke. Kalkulatzen da 120 egun igaro ditzakeela azalerara atera gabe.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Europa Errusia NATO Eguneko albisteak Albisteak Errusia-Ukraina gerra