Mundua -
Bakerako prozesua
ELNk eta Kolonbiako Gobernuak elkarrizketak berreskuratuko dituzte azaroan
Bake-negoziazioak 2017an hasi ziren, baina 2019an bertan behera utzi zituzten Ivan Duqueren gobernuarekin, gerrillaren atentatu baten ondoren.
EITB MEDIA
Askapen Nazionalerako Armadaren (ELN) gerrillak eta Kolonbiako Gobernuak azaroan ekingo diete berriro bake negoziazioei, Venezuelan bi aldeek astearte honetan sinatutako akordio baten arabera.
Elkarrizketen fase berria, orain arte hitzartutakoa oinarri hartuta, datorren hilabetean hasiko da. Bi aldeetako batek ere ez du zehaztu zein egunetan abiatuko duten, ezta negoziazio horien egoitza zein izango den ere, "aldakorra" izango baita.
2017an hasi ziren bake-negoziazioak, Juan Manuel Santos presidente zela (2010-2018), baina 2019an bertan behera utzi ziren, Ivan Duqueren gobernuarekin, gerrillak Bogotako Poliziaren Eskolaren aurka egindako atentatu baten ondorioz; 23 hildako eta ehun bat zauritu izan ziren eraso horretan.
NBEk Kolonbiako bake-prozesua babestu zuen Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileekin (FARC), eta, gaur egun, akordio horren alderdi batzuk egiaztatzeaz arduratzen den misio bat du. Ildo horretan, Antonio Guterres nazioarteko erakundeko idazkari nagusiak txalotu egin du prozesuari berriro ekiteko ekimena.