Mundua -
Sendagaiak
Gutxienez 69 haur hil dira Gambian eztularen aurkako jarabe kutsatua hartzeagatik
Promethazine Oral Solution, Kofexmalin Baby Cough Syrup, Makoff Baby Cough Syrup eta Magrip N Cold Syrup dira haurren giltzurrunetan kaltea eragin dutenak.
agentziak | eitb media
Gutxienez 69 haur hil dira Gambian eztularen aurkako jarabe kutsatua hartzeagatik. Maiden Pharmaceuticals konpainiarenak dira sendagaiak, Gambiako osasun agintariek jakinarazi dutenez.
Adama Barrow Gambiako presidenteak herrialdean produktuak saltzeko baimena kendu dio konpainiari, eta Atzerri ministroa Indiako enbaxadorearekin jarri da harremanetan kontuak eskatzeko.
"Laborategian egindako azterketek agerian utzi dute lau sendagaiek neurriz kanpoko dietilenglicol eta etilenglicol kopurua dutela. Gaurdaino lau produktu atzeman dituzte Gambian, baina litekeena da beste herrialde batzuetara ere zabaldu izana", Osasunaren Mundu Erakundeak adierazi duenez.
Promethazine Oral Solution, Kofexmalin Baby Cough Syrup, Makoff Baby Cough Syrup eta Magrip N Cold Syrup dira haurren giltzurrunetan kaltea eragin dutenak, eta merkatutik kendu dituzte azterketa sakona egin arte.
Maiden Pharmaceuticalsen zenbait sendagai baztertu dituzte jada Indiako agintariek, eta Vietnamen produktu guztiei jarri zieten betoa 2011n. Farmazia enpresak Asian, Afrikan eta Hego Amerikan saltzen ditu sendagaiak.