Mundua -

ukrainako gerra

Errusiak Ukrainako hiri nagusiak bonbardatu ditu Kerch zubiaren aurkako erasoaren ostean

Gutxienez 14 zibil hil eta 97 zauritu dira Errusiak Ukraina osoko hirien aurka egindako erasoen ondorioz. Nazioarteko hainbat eragilek gaitzetsi egin dituzte bonbardaketak.

Kiev, Ukrainako hiriburua, astelehen honetan. Argazkia: EFE
Kiev, Ukrainako hiriburua, astelehen honetan. Argazkia: EFE
Errusiar misilek Ukrainako 12 hiritan jo dute azken asteotako erasorik gogorrenean

1:35

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gutxienez 14 zibil hil, eta 97 zauritu dira Errusiak Ukraina osoko hirien aurka egindako erasoen ondorioz, Kieveko ordezkaritzak NBEn adierazi duenez.

Vladimir Putin Errusiako presidenteak mehatxu egin dio Ukrainari. Ohartarazi dionez, "ekintza terroristek jarraitzen badute, gogorragoa izango da erantzuna". Kieven eta Ukrainako beste hiri batzuen kontra egindako bonbardaketaren ostean mintzatu da Putin.

Putinen aburuz, Ukrainak Zaporizhiako zentral nuklearraren kontra egindako erasoak "terrorismo nuklearra" dira. Horiez gain, salatu du Ukrainako zerbitzu bereziek Kurskeko (Errusia) zentral nuklearraren aurka "hiru eraso terrorista" egin dituztela.

Ayestaran: 'Ukraniarrek eguneroko bizimoduari eutsi nahi diote, normaltasun itxura mantendu nahi dute'
Ayestaran: 'Ukraniarrek eguneroko bizimoduari eutsi nahi diote, normaltasun itxura mantendu nahi dute'
Ayestaran: 'Ukraniarrek eguneroko bizimoduari eutsi nahi diote, normaltasun itxura mantendu nahi dute'

06:19

Ukrainako Energia Ministerioak adierazi duenez, Errusiaren erasoak Europar Batasunera (EB) egindako argindar esportazioak gelditzera behartuko du astearte honetatik aurrera.

Hainbat azpiestazio elektrikotan eragindako kalteen ondorioz, neurri hori hartu behar izan dute Ukrainako sarea egonkortzeko, Ministerioak ohar batean jakinarazi duenez.

Erreakzioak

Jens Stoltenberg NATOko idazkari nagusiak Twitter bidez gaitzetsi ditu Errusiak Ukrainako zibilen aurka egindako eraso "lazgarri eta bereizi gabeak", eta ziurtatu du aliatuek "behar den denboran" eutsiko diotela Kievi.

EBko erakundeetako buruek ere gaitzetsi egin dituzte astelehen honetan izandako erasoak, "ekintza kriminala" izan direla esanez.

Josep Borrell EBko Atzerri Politikako goi-ordezkariaren kasua da hori, eta "oso hunkituta" agertu da bere ustez "XXI. mendean lekurik ez duten" erasoengatik. "Irmo gaitzesten ditut", adierazi du Twitter bidez.

Antonio Guterres NBEko idazkari nagusiak esan du erasoak "onartezinak" direla, eta zibilak "preziorik altuena ordaintzen" ari direla.

"Idazkari nagusia oso hunkituta dago Errusiako Federazioko indar armatuek misilekin egindako gaurko erasoengatik", adierazi du ohar batean Stephane Dujarric bozeramaileak.

Bestalde, Joe Biden AEBko presidenteak salatu du erasoek agerian uzten dutela Vladimir Putin Errusiako presidentearen "erabateko basakeria", Ukrainako "legez kanpoko" gerran.

"Eraso horiek zibilak hil eta zauritu dituzte, eta helburu militarrik gabeko jomugak suntsitu", adierazi du Etxe Zuriak igorritako ohar batean, eta doluminak helarazi dizkie biktimen senideei, lagunei eta ezagunei.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko azken orduko berriak Europar Batasuna Ukraina azken orduko Ameriketako Estatu Batuak argazkiak Errusia albisteak Vladímir Putin albisteak Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundea Eguneko albisteak Gaurko azken ordukoa Joe Biden azken albisteak Errusia-Ukraina gerra azken ordukoa