Mundua -
Txina
Hu Jintao presidente ohiaren kanporaketa, Alderdi Komunistaren kongresuaren itxieran protagonista
Bedel batzuk Hu Jintao altxarazi eta jauregitik irtenarazi dute. Dirudienez, garbiketa politikoko keinu bat izan da, eta publiko aurrean zigortzeko modua. Txinako komunikabide ofizialek diote, ordea, osasun arrazoiak tarteko atera zutela presidente ohia.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Txinako Alderdi Komunistaren XX. Kongresuaren itxiera-ekitalditik irtenarazi dute larunbat honetan Hu Jintao Txinako presidente ohia (2003-2013). Dirudienez, garbiketa politikoko keinu bat izan da, eta publiko aurrean zigortzeko modua.
Herriaren Jauregiko areto handian alderdikide guztiak dagoeneko zeudela, eta kamerek grabatzen, Xi Jinping egungo presidentearen ezkerrera eserita zegoen Jintaorengana gerturatu dira bedel batzuk. Altxarazi eta jauregitik irtenarazi dute, presidenteordea aurre egiten saiatu bada ere.
Xi presidentea aurrera begira egon da, antza, gertakariari erreparatu gabe. Gelatik atera aurretik, Hu Jintaok Xi presidentearekin hitz batzuk partekatu ditu.
Jazotakoak minutu bateko iraupena izan du, eta litekeena da Jintao presidente ohiaren talde politikoaren eta haren jarraitzaileen garbiketa izatea.
Bestalde, Txinako komunikabide ofizialek diotenez, osasun arrazoiak tarteko atera zuten Hu Jintao. "Saio bitartean ez zen ondo sentitzen eta, osasun arrazoiengatik, ondoko egongela batera eraman zuten, atsedena hartzeko", adierazi du Xinhuanet albiste-agentziak. 79 urteko presidente ohia "askoz hobeto dago orain", gaineratu du.