Mundua -
AEB
Trumpek datozen egunetan aurkez dezake bere hautagaitza: "Oso, oso, oso litekeena da berriro aurkeztea"
Bitartean, AEBeko Justizia Departamentua fiskal berezi bat izendatzeko aukera aztertzen ari da, presidente ohiaren aurka irekitako ikerketak zuzentzeko.
Agentziak | EITB Media
Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) presidente ohiak 2024ko hauteskundeetarako hautagaitza iragarri dezake laster. Hala ere, ez du azaroaren 14a baino lehen iragarriko, AEBko handikiaren kanpainaurreko taldearen gertuko hainbat iturrik Axios albiste atariari baieztatu diotenez.
Bitartean, AEBko Justizia Departamentua fiskal berezi bat izendatzeko aukera aztertzen ari da, presidente ohiaren aurka irekitako ikerketak zuzentzeko.
AEBko presidente ohiaren aliatuak agintaldi erdiko hauteskunde legegileen ondorengo asteko "egunak erreserbatzen" hasi dira, balizko iragarpen ofizialean parte hartzeko.
Ostegunean, Iowan egindako hauteskunde aurreko mitinean, Trumpek inoiz baino argiago aurkezteko nahia berretsi du. "Gure herrialdea arrakastatsua, segurua eta loriatsua izan dadin, oso, oso litekeena da berriro aurkeztea", adierazi du presidente ohiak Sioux Cityn egindako ekitaldian, Chuck Grassley senatari errepublikanoaren hautagaitza babesteko.