Mundua -
Epaiketa
Breivikek desoreka neurologikoak ditu, baina ez eskizofrenia
Psikiatraren ustez, uztaileko Norvegiako atentatuen egileak bi sindrome ditu: Asperger eta Tourette.
Erredakzioa
Anders Behring Breivik ultraeskuindarrak hainbat desoreka neurologiko ditu, baina ez eskizofrenia, Ulrik Fredrik Malt psikiatrak Oslon egiten ari diren epaiketan azaldu duenez.
Norvegian, uztailaren 22ko atentatuetan, 77 pertsona hil izana aitortu zuen Breivikek, eta hilketa horien inguruko epaiketa egiten ari dira orain.
Saioan, bi sindrome egotzi dizkio Maltek Breiviki: Asperger sindromea (harremanetarako, komunikaziorako eta emozioak adierazteko arazoak eragiten ditu); eta Tourette (tik ezberdinak eragitea du ezaugarri nagusi). Breivikek, gainera, nartzisismoa ere badu, Malten hitzetan.
Biktimen abokatuak deituta egin du agerraldia psikiatrak, epaitegiak eskatutako bi txostenek agerian utzitakoa argitzeko.
Izan ere, ondorio erabat ezberdinak plazaratu zituzten bi ikerketa horiek: baten arabera eskizofrenia paranoidea du akusatuak; besteak, aldiz, alterazio disozialak egotzi zizkion.
Bi txosten horiek eta epaitegi aurrean Breivikek izan duen jarrera aztertu ondoren, Maltek uste du ez dagoela irizpiderik eskizofrenia paranoidea duela esateko.