Mundua -

Ukrainako gerra

Errusiak Ukrainari leporatu dio mugatik urrun dauden bi aerodromoren kontrako erasoa

Ukrainako Presidentetzaren aholkulariak iradoki du leherketak Kieven erantzuna izan daitezkeela. Hiru militar errusiar hil dira erasoetan.

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Errusiak Ukrainari egotzi dio droneekin bi herrialdeen arteko mugatik ehunka kilometrora dauden bi aerodromo militarren kontrako erasoaren erantzukizuna. Riazango eta Saratoven base estrategikoak dira.

"Kieveko erregimenak, gure abiazio estrategikoaren hegazkinak erabilezin uzteko, sobietar fabrikazioko droneekin Dyaguilevoko eta Enguelseko aerodromo militarrak erasotzen saiatu da", adierazi du Errusiako Defentsa Ministerioko bozeramaile Igor Konaxenkovek.

Ordezkariaren arabera, "Errusiako airekoen aurkako defentsak altuera baxuan hegan egiten duten drone ukrainarrak geldiarazi ditu. Droneen zatiak aerodromoetan erori dira, eta leherketen ondorioz, bi hegazkinek kalte txikiak jasan dituzte".

Zerbitzu teknikoko hiru militar errusiar hil dira, eta beste lau zauritu.

Defentsako bozeramaileak gaineratu duenez, Kievek "atentatu terrorista honekin Errusiako abiazio estrategikoaren borroka misioak zapuzteko" saiakerak egin baditu ere, Moskuk eraso masibo bat egin du Ukrainako azpiegituren aurka.

"Erasoaren helburua lortu dute. Aukeratutako 17 helburuak suntsitu egin dituzte", azaldu du. Konaxenkoven arabera, eraso horrek "Ukrainako Armadaren erreserbak, atzerriko armak, ekipamendu militarra eta munizioak borroken eremura garraiatzeko trenbidea erabiltzea galarazi du".

Ukrainak erasoa bere gain hartu ez badu ere, Mykhailo Podolyak Ukrainako Presidentetzaren aholkulariak Twitterren iradoki du leherketak Kieven erantzuna izan daitezkeela: "Beste herrialde batzuetako aire eremura gauzak maizegi jaurtitzen badituzu, lehenago edo geroago objektu hegalari ezezagunak itzuliko dira euren irteeraren lekura".

Bere lurraldetik ehunka kilometrora dagoen jomuga baten aurka Ukrainak egindako lehen erasoa litzateke.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ukraina Errusia Eguneko albisteak Albisteak Errusia-Ukraina gerra