Mundua -
Parisko Auzitegia
Tolosako hiltzailearen aitak semearen hilketa salatu du
"X"ren kontrako demanda jarri dute Parisko Auzitegian, inguruabar astungarrietan hilketa egin izan egotzita, horren ustezko erruduna nor den zehaztu gabe.
Erredakzioa
Tolosa eta Montauban Frantzia hegoaldeko herrietan zazpi pertsona hil zituela onartu eta Poliziak tiro batez hil zuen Mohamed Merahren aitak salaketa jarri du Parisen semearen "hilketagatik".
Merahren aitaren abokatu aljeriarrarekin elkarlanean ari den Isabelle Coutant Pierre abokatuak adierazi duenez, "X"ren kontrako demanda jarri dute Parisko Auzitegian, inguruabar astungarrietan hilketa egin izan egotzita, horren ustezko erruduna nor den zehaztu gabe.
Coutant-Peyreren aburuz, Nerah harrapatzeko operazioan 300 eta 400 agente bitartean erabili zituzten, eta egoera horrek hainbat galdera eragiten dituela gaineratu du. "Hiltzeko arrazoirik ez zegoen", abokatuak esan duenez, eta RAID Frantziako Poliziaren goi-mailako agenteek 23 urteko gaztea "erail" egin zutela froga dezakeela esan du.
Hipotesi hori arrazoitzeko, Merahk berak hil aurretik sakelako telefonoarekin grabatutako bi bideo dituela esan du.
32 orduz Tolosako etxe batean ezkutatuta izan ostean, Merahk Al Qaedaren izenean aldarrikatu zituen hilketak, baina bakarrik egin zituela eta, martxoaren 11n eta 19an egindakoez gain, beste atentatu batzuk egitea pentsatzen zuela azaldu zuen.