Mundua -
alemania
Nortzuk daude Alemanian Estatu kolpea egiteko asmoa zuen taldearen atzean?
Alemaniako hedabideen arabera, jada atxilotuta dagoen Heinrich XIII aristokrata litzateke ultraeskuineko erakunde horretako burua.
agentziak | eitb media
Alemaniako poliziak ustezko erakunde terrorista ultraeskuindar bat desegin zuen asteartean, Bundestag hartu eta Estatu kolpea emateko asmoa zuena. Guztira 25 ultraeskuindar atxilotu zituzten Alemanian, Austrian eta Italian egindako makrooperazioan. Horietatik 22 aipatutako erakundearen parte izateagatik dira susmagarriak.
Taldea ideologikoki lotuta egongo litzateke "Reicheko Herritarrak" delakoarekin, konspirazio-teorietan oinarrituta Alemaniako errepublika federalaren legitimitatea ukatzen duen mugimenduarekin, alegia.
Ikerketen egungo egoeraren arabera, kontseilu betearazle moduko batek eta beso armatu batek osatzen zuten erakundea, Peter Frank Estatuko fiskal nagusiak jakinarazi zuenez. Hala, helburua "Alemanian ordena demokratiko konstituzionala suntsitzea litzateke, indarkeriaren eta baliabide militarren bidez".
Estatu kolpearen ostean, Gobernuaren funtzioak bere gain hartzeko asmoa zuen kontseiluak eta, besteak beste, horren barruan zegoen Alemaniako Alternatiba (AfD) alderdi ultraeskuindarreko diputatu ohi bat, ministro bihurtzekoa zena.
Beso armatuan, gutxienez, iraganean Alemaniako indar armatuetako (Bundeswehr) kide izandako hiru pertsonak parte hartzen zuten, horietako bat Operazio Espazialen Komandoko edo KSKko kidea, iraganean ere nabarmendu zena, soldadu askoren orientazio ultraeskuindarra bultzatzeagatik.
Frankek gaineratu zuenez, atxilotuetako batzuk epailearen aurrera eraman dituzte dagoeneko, eta zenbait kasutan behin-behineko espetxealdia ezarri diete (besteak beste, erakundeko ustezko buruzagiari, Heinrich K. R. gisa identifikatutakoari).
Alemaniako hedabideen arabera, aipatutako buruzagia Heinrich XIII.a aristokrata da, Reusseko printzea. Higiezinen sektorean aktibo dagoen enpresaburua da, konspirazio-tesiak zabaltzeagatik ezaguna, eta asteazken goizaldean atxilotu zuten Frankfurten duen etxebizitzan.
"Der Spiegel" astekariaren arabera, taldea duela urtebete inguru hasi zen lanean eta, besteak beste, chef batek, pilotu batek, maisu teilatu-emaile batek, tenore batek eta doktore batek parte hartzen zuten, eta bi igarleren aholkua jasotzen zuten.
Gainera, fiskaltzak ohar baten bidez adierazi duenez, atxilotuak (alemaniarrak guztiak, Errusiako herritar bat izan ezik) Errusiako ordezkaritza diplomatikoekin harremanetan jartzen saiatu ziren Alemanian, baina Errusiak Berlinen duen enbaxadak gezurtatu egin du erakundearekin lotura izatea.