Mundua -
euskadi irratia
Oihana Goiriena: "Umeek ez dute hamar hilabetean aitarekin hitz egiteko aukerarik izan"
Pablo Gonzalezen bikotekidea Euskadi Irratiko albistegietan izan da Eguberri bezperan, kazetariak hamar hilabete egingo dituenean Polonian espetxeratuta. Urtarrilaren 10ean erabakiko du Poloniako justiziak defentsak aurkeztutako azken arrazoibidea onartuko duen.
i.l.k. | eitb media
Oihana Goiriena, iragan otsailaren 28tik Polonian preso dagoen Pablo Gonzalez kazetariaren bikotekidea, Euskadi Irratiko albistegietan izan da larunbat honetan. Izan ere, hamar hilabete egingo dira datorren astean Polonian atxilotu zutenetik Errusiako espioia izatea egotzita. Eguberri bezpera honetan, kazetariak familiaren "falta igarriko" duela esan du.
Gonzalez kartzelan dago akusazio formalik gabe. Behin-behineko espetxealdia hirugarrenez luzatu diote berriki, eta urtarrilaren 10ean erabakiko du Poloniako justiziak defentsak aurkeztutako azken arrazoibidea onartuko duen ala ez.
Fiskaltzaren eta abokatuen arteko bista izango dela gogorarazi du Goirienak, azken horien alegazioak aztertzeko, baina "Pablo ez da bertan egongo". Era berean, nabarmendu du prozesu judiziala bera ez dela gehiegi aldatuko, orain arteko "fiskal berdina, argudio berdinak eta auzitegi berdina" mantenduko baitira.
Azaroaren 21ean izan zuen Gonzalezekin azken bisita, eta ez zuen "txarto topatu". Edonola ere, gaineratu du egun hauetan familiaren falta igarriko duela, "asko gustatzen baitzaio Gabonak ospatzea".
Gainera, azken hamar hilabeteetan seme-alabek "ez dute aitarekin hitz egiteko aukerarik izan". Komunikazio zuzena faltan botatzen dutela azpimarratu du (eskutitz bidezkoa izan dute batik bat), eta familiak behin baino gehiagotan salatu izan duela hori.
Gauzak horrela, abokatuaren bitartez iritsi zaie kazetariaren mezua, "Gabonak ondo ospatzeko" esanez. "Ez da pozik eta alai egongo, baina erabat txarto ere ez".
Ostiral honetan bertan, euskal kazetariaren askatasuna eskatzeko manifestazioa egin zuten Gernikan.