Mundua -
Gerra Ukrainan
Hamar hilabete dira Errusiak Ukrainaren inbasioa hasi zuenetik
Moskuk Ukrainan erasoa hasi zuenetik urteurrena betetzeko bi hilabete falta direnean, bi aldeen bonbardaketek eta misil jaurtiketek aurrera jarraitzen dute.
agentziak | eitb media
Hamar hilabete bete dira Errusiak Ukrainaren inbasioa hasi zuenetik, eta lehenengo urteurrenerako bi hilabete falta direnean, agintari ukrainarrek salatu dute zortzi zibil hil dituela Errusiak Khersonen egindako bonbardaketetan, eta 35 pertsona zauritu dituela.
Yaroslav Yanushevitx Khersoneko gobernadoreak jakinarazi du eskualdean 74 misil eta kohete jaso dituztela Errusiaren 36 erasotan. Moskuk azpiegitura garrantzitsuei, erakunde pribatuei, ospitaleei eta eskolei egin omen die eraso.
Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak berehala erantzun dio gertakariari eta, Telegramen zabaldutako mezu batean, gaitzetsi egin ditu sare sozialetan zabaldu diren Khersoneko irudiak, eta esan du hori dela ukrainarren "bizitza erreala".
"Hau ez da gerra bat zehaztutako arauen arabera. Izua da, beldurtzeko eta gozamenagatik hiltzen dute. Munduak ikusi egin behar du erabateko gaizkiaren aurka egiten ari garela borroka", adierazi du Ukrainako agintariak.
Ukrainaren bonbardaketak Donetsken
Bestalde, Donetskeko errepublikako agintariek hiria bonbardatzea leporatu die Ukrainako Indar Armatuei.
Su-etena Koordinatzeko eta Kontrolatzeko Zentroak zabaldu duenez, Ukrainako Armadak bost misil jaurti ditu Donetskeko Kievsky barrutian.
Bezperan Ukrainako Armadak bese 45 misil jaurti zituen Petrovsky eta Kievsky barrutietan.
AEBen arma biologikoen erabilera Ukrainan
Bien bitartean, Errusiako agintariek frogak aurkeztu dituzte AEBek eta Ukrainak arma biologikoak erabili dituztela egiaztatzeko.
Igor Kirillov babes erradiologiko, kimiko eta biologikorako arduradunak horixe jakinarazi du prentsaurreko batean, eta esan du AEBk diruz babestu dituela arma biologikoak, eta zientifikoki, teknikoki eta langileekin eman diola laguntza Kievi.