Mundua -

koronabirusa

Txinak covid-19aren kutsatze berrien eguneroko datuak argitaratzeari utzi dio

Birusaren hedapen azkarrak zifra ofizialen fidagarritasunari buruzko zalantzak sortu ditu. Lehen kasuak izan eta hiru urtera, ospitaleak, gorputegiak eta errausketa labeak gainezka daude berriz ere herrialdean.

Emakume bat Shangaiko Gabonetako merkatuan, koronabirus agerraldi betean. Irudia: EFE
Emakume bat Shangaiko Gabonetako merkatuan, koronabirus agerraldi betean. Irudia: EFE
Emakume bat Shangaiko Gabonetako merkatuan, koronabirus agerraldi betean. Irudia: EFE

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Lehen kasuak izan eta hiru urtera, Txinak covid-19aren olaturik larrienetako bat bizi du, eta birusaren hedapen azkarrak zalantzak sortu ditu zifra ofizialen fidagarritasunaren inguruan. Agerraldi berri honen aurrean berriz ere gainezka daude herrialdeko ospitaleak, gorputegiak eta errausketa labeak.

Igande honetan herrialdeko Gaixotasunen Kontrolerako eta Prebentziorako Zentroak iragarri du aurrerantzean ez dituela argitaratuko 2020. urte hasieratik covid-19aren kasu berriak eta gaixotasunaren ondoriozko heriotzak zehazten zituen eguneroko txostena.

Datuen egiazkotasunari buruz zalantzak sortu dira azken boladan; izan ere, azken asteetan zabaldutako txostenetan ez dituzte, esaterako, asintomatikoen datuak ematen, eta horri gehitu behar zaio dagoeneko ez dela nahitaezkoa herritarrek ohiko PCR probak egitea. Ondorioz, birusaren benetako hedapena baino kasu dezente gutxiago detektatzen dira.

Larunbatean argitaratutako azken txosten ofizialaren arabera, 4.128 kasu berri atzeman ziren bezperan, eta ez zen heriotzarik izan. Hala ere, Osasun Batzorde Nazionalaren bilera baten aktak adierazten zuenez, eguneko kutsatze berrien benetako kopurua 37 milioira irits zitekeen, eta, hil honen lehen egunetan, 248 milioi pertsona inguru (biztanleriaren % 18) kutsatu zirela adierazten zuen.

Nazio mailako informaziorik ezean, probintzia eta hiri batzuk kutsatze boladari buruzko datu propioak argitaratzen hasi dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko berriak Txina gaur Gaixotasunak albisteak Gizartea bideoak Koronabirus-agerraldiak