Mundua -

Gerra Ukrainan

Ukrainarren eta errusiarren arteko ustezko su-etena erasoekin amaitu da

Ukrainako agintariek su-eten propioa ez errespetatzea egotzi diote Moskuri, eta Errusiak nabarmendu du Gabonetako 36 orduko su-etenean etsaien erasoei erantzun besterik ez diela egin.

Ukrainaren erasoa Errusiako Armadaren aurka. Argazkia: Efe
Ukrainaren erasoa Errusiako Armadaren aurka. Argazkia: Efe
Ukrainaren erasoa Errusiako Armadaren aurka. Argazkia: Efe

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ukrainarrek bi zentral termoelektrikori egin diete eraso Donetsken, eta Errusiak erasoak egin ditu Donetsken, Kharkoven eta Zaporijian, Kremlinek agindutako su-etenaren amaierarekin batera, bi aldeetako agintariek jakitera eman dutenez.

Novi Svet eta Zugres hirietan izan ziren Ukrainaren erasoak, errusiazaleen esku dagoen eremuan, Donetskeko errepublikako ordezkariak zabaldu duenez.

Errusiaren kasuan, berriz, 50 urteko gizonezko bat hil zuen Merefan, Kharkoven. Donetskeko Kramatorsk eta Konstantinovka hirietan Ukrainak dituen indarrei ere egin zien eraso, baina ez zen zibilik hil. Zaporijian, berriz, Errusiaren jaurtigaiek NBEren misioa jo zuten, Orekhoven.

Vladimir Putin Errusiako presidenteak agindutako alde bakarreko su-etena amaitu baino ordu batzuk lehenago, Ukrainako zenbait hiritan aireko alerta ezarri zuten, bonbardaketen beldur.

Izan ere, Ukrainako Estatu Nagusiak jakinarazi du Errusiak 40 bat eraso egin dituela azken 24 orduetan misilekin azpiegitura zibilen aurka.

Ukrainako agintariek eta Pentagonoak su-eten propioa ez errespetatzea egotzi diote Moskuri, eta Errusiako Defentsa Ministerioak nabarmendu du Gabonetako 36 orduko su-etenean etsaien erasoei erantzun besterik ez diela egin.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ukraina Errusia Eguneko albisteak Albisteak Errusia-Ukraina gerra