Mundua -

Brasil

"Basati faxistak" eta finantzatu dituztenak "aurkitu eta zigortuko" dituztela hitzeman du Lula da Silvak

Erasoa gertatu eta ia hiru ordura berreskuratu du Poliziak Kongresuaren, Presidentetza jauregiaren eta Gorenaren kontrola. Ultraeskuineko presidente ohiaren 300 bat jarraitzaile atxilotu dituzte. Bolsonarok, bien bitartean, gertatutakoarekin harremanik duela ukatu du.

Da Silva, bere hitzaldiaren une batean. EFE
Da Silva, bere hitzaldiaren une batean.
''Bandalo faxistak'' aurkitu eta zigortuko dituztela agindu du Lula da Silvak

0:51

Agentziak | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bolsonaroren jarraitzaileek Brasilgo Kongresua, Gorena eta Presidentetza jauregia indarrez hartu eta egoeraren kontrola berreskuratu berritan, "basati faxistak aurkitu eta zigortuko" dituela hitzeman du Luiz Inacio Lula da Silva Brasilgo presidenteak. Are gehiago, estatu kolpe saiakera hori finantzatu dutenen kontra ere egingo duela iragarri du gobernuburuak. 

Da Silvak "basakeritzat" jo du gertatutakoa, eta Bolsonarok berak erasotzaileak "xaxatu" dituela erantsi. Buruzagi ultraeskuindarraren zaleek kalte larriak eragin dituzte Brasiliako hiru botereen eraikinetan, eta "legearen indar guztiarekin zigortuko" dituztela iragarri du. 

Oldarraldi hori "nork finantzatu duen atzemango dugu", agindu du. 

Da Silvaren hitzetan, "demokraziak adierazpen askatasuna bermatzen du, baina herritarrek erakundeak errespetatu behar dituzte". 

Brasilgo presidentea —urtarrilaren 1ean egin zuen karguaren zina— hiriburutik kanpo zegoen erasoa gertatu zenean; Araraguaran, Sao Paulo barnealdean, zegoen euriteek utzitako kalteak bertatik bertara ikusten. 

Nazioarteak gogor gaitzetsi du erasoa.

300 pertsona atxilotuta

Poliziak bi ordu eta erdi igarota lortu du indarrez hartutako hiru egoitzen kontrola berreskuratzea. Agenteek txikizioa topatu dute barruan: artelanak lurretik botata, leihoak apurtuta eta altzari, ordenagailu eta enparauak suntsituta. 

Gutxienez 300 pertsona atxilotu dituzte, baina Brasilgo Poliziak iragarri du gehiago izan litezkeela: "300 lagun atxilotu ditugu. Erasoaldian parte hartu duen azken pertsona ere identifikatuko dugu", adierazi du. 

Flavio Dino Justizia ministroaren arabera, Brasilgo hiriburura kolpistez beteta heldutako 40 autobus inguru konfiskatu dituzte, eta oldarraldia finantzatzen lagundu dituztenak identifikatzeko lanean ari dira. 

Polizia Presidentetza jauregian sartzen. EFE

Brasiliako barruti federaleko agintarien jarduna ere estu hartu du Justizia ministroak. Ordu gutxiren buruan, Brasilgo Gorte Goreneko epaile batek Ibaneis Rocha gobernuburua kargutik kendu du, kolpisten erasoa geldiarazteko orduan "utzikeriaz" jardutea egotzita. 

Lula da Silvak esku hartze federala ezarri du Brasilian. Neurria urtarrilaren 31ra arte egongo da indarrean, eta horren arabera, hiriburuko segurtasun indarrak Brasilgo Gobernuaren menpe egongo dira. 

Oldarraldiarekin zerikusirik ez duela esan du Bolsonarok

Lulak erasoaren erantzule egin du Bolsonaro, baina ultraeskuinako buruzagiak halakorik ezeztatu du, txio bidez. 

Brasilgo presidente ezkerzaleak kargua hartu zuenetik AEBn dago Bolsonaro. Epel bada ere, gertatutakoa gaitzetsi du, eta gogorarazi bere agintaldian Konstituzioa bete duela "beti, legeak, demokrazia, gardentasuna eta sakratua den askatasuna errespetatzen eta defendatzen". 

Igandean gertatutakoa "ezkerrak deitutako manifestazioekin" alderatu du Bolsonarok. "Manifestazio baketsuak, legearen araberakoak, demokraziaren parte dira. Nolanahi ere, eraikin publikoei egindako erasoak hortik kanpo daude".

- Manifestações pacíficas, na forma da lei, fazem parte da democracia. Contudo, depredações e invasões de prédios públicos como ocorridos no dia de hoje, assim como os praticados pela esquerda em 2013 e 2017, fogem à regra.

— Jair M. Bolsonaro 2¿¿2¿¿ (@jairbolsonaro) January 9, 2023

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Eguneko albisteak Albisteak Brasil Latinoamerika Ultraeskuina