Mundua -
Gerra Ukrainan
30 hildako, haur bat barne, Errusiak Dniproko etxebizitza eraikin baten kontra egindako erasoaren ondorioz
73 lagun zauritu dira, 13 haur tartean. 39 pertsona erreskatatu dituzte hondakinen azpitik, eta desagertuta daude beste 43. Gutxienez 72 etxebizitza erabat hondatu eta beste 230 kaltetu dira.
Agentziak | EITB Media
30 dira dagoeneko Errusiak Dnipro hiriko etxebizitza eraikin baten kontra larunbatean egindako erasoaren ondorioz hil diren pertsonak, tartean haur bat.
Ukrainako presidente Volodomir Zelenskik eman ditu datuak Telegramen duen bere kontuan: "Orain arte 39 pertsona erreskatatu dira, tartean sei haur. 30 hildako daude, horietako bat haurra, eta 73 lagun daude zauritua, horietatik 13 adin txikikoak. Gainera, 43 lagunek desagertuta jarraizten dute".
Horrez gain, 72 apartamentu erabat txikituta gelditu dira eta 230 gehiago kaltetu ditu erasoak. Larrialdietako Estatuko Zerbitzuak lau denda jarri ditu inguruan eta beste bi jarri dituzte boluntarioek. "Psikologoak biktimei laguntzen ari dira", azaldu du Zelenskik.
"Bilatze lanekin jarraitzen dugu, baita arriskutsuak izan daitezken elementu estrukturalak desmuntatzeko lanekin ere. Etengabe. Bizitza bakoitzaren alde ari gara borrokan", nabarmendu du agintariak, biktimen familia eta adiskideei bere doluminak helaraztearekin batera.
Bien bitartean, Valentin Teznichenko eskualdeko gobernadoreak suntsitutako eraikinaren elementu estrukutaralak kentzen jarraitzen dutela eta "dagoeneko ia 3.500 tona hondakin erretiratu" direla azaldu du.
Denis Shmigal Ukrainako lehen ministroak berri eman duenez, atzo misilek azpiegitura energetikoen hainbat instalazio ere jo zituzten. "Eraso horien ondorioz, Kharkiben eta Kieven ari dira pairatzen egoerarik zailena", esan du.