Mundua -
NBEren konferentzia
Akordiorik lortuko ez duten ustean hasi da 'Rio+20' goi-bilera
130 Estatu eta Gobernu buru NBEren Garapen Globalari buruzko goi-bileran izango dira. 50.000 pertsonak baino gehiagok parte hartuko duten arren, ez dute akordiorik lortuko dutenik uste.
Erredakzioa
Munduko 120 estatu eta gobernutako buruak bilduko dira, gaurtik aurrera, Rio de Janeiron (Brasil), Rio+20 garapen globalari buruzko goi-bileran. Duela 20 urte, munduko agintariek Lurraren Goi-bilera egin zuten, hiri berean, eta hor du jatorria batzarraren izenak.
Ordutik, aldaketa klimatikoari eta deforestazioari buruzko ardura sendotu egin da eta, horri esker, bioaniztasunari buruzko itun bat sinatzea eta Kyotoko Protokoloa sortzea lortu dute.
Hala ere, gaur egun krisi ekonomikoak du protagonismoa. Horregatik, Rio de Janeiroko bileran 50.000 pertsonak baino gehiagok parte hartuko duten arren, ez dute uste akordiorik lortuko dutenik.
Ingurumenaren arloan eta ekonomiaren eta gizartearen mailan mundua garapenaren bidera eramateko bide batzuk zehaztea, hau da, "garapen jasangarri baterako helburuak" erabakitzea, izango litzateke emaitzarik onenetako bat.
Luiz Alberto Figuerede Brasileko negoziatzaile nagusiak bileraren helburua epe luzera hausnarketa bat egitea dela gogoratu du.
Barack Obama AEBetako presidentea eta Alemaniako eta Erresuma Batuko agintari nagusiak ez dira Goi-bileran izango; Mariano Rajoy Espainiako presidentea, berriz, bai.