Mundua -

Lur astindua

Lurrikara sorta suntsitzaile batek milaka hildako eta zauritu utzi ditu Turkian eta Sirian

Gutxienez 2.316 pertsona hil eta 13.200 zauritu dira Turkian. Gainera, lurrikarak gutxienez 1.356 hildako eta 3.411 zauritu utzi ditu Sirian.

Hainbat eraikin behera etorri dira Diyarbakir hirian (Turkia hego-ekialdea). Argazkia: EFE
Hainbat eraikin behera etorri dira Diyarbakir hirian (Turkia hego-ekialdea).
Turkia eta Siria astindu dituzten lurrikarek milaka hildako utzi dituzte

0:44

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Turkia eta Siria astindu dituzten lurrikarek gutxienez 3.600 hildako utzi dituzte, herrialde horietako agintariek zabaldutako azken datuen arabera. Hondakinen artean milaka pertsona daude harrapatuta, eta ezbeharraren kalteak zenbatezinak dira, oraingoz. 10.000ra ere hel omen daiteke zendutakoen kopurua.

Horrela, lurrikara indartsuek 3.600 hildako eta 16.600 zauritu baino gehiago utzi dituzte Sirian eta Turkian, eta milaka eraikin eraitsi dituzte.

Gutxienez 2.316 pertsona hil eta 13.200 zauritu dira Turkian. Gainera, lurrikarak gutxienez 656 hildako eta 1.411 zauritu utzi ditu Sirian, Damaskoren kontrolpean dagoen eremuetan, SANA albiste-agentzia ofizialaren arabera.

Bestalde, ipar-mendebaldeko Idlib probintzian, oposizioaren azken gotorlekuan, eta ondoko Alepoko beste toki batzuetan, Damaskoren kontrolpetik kanpo, beste 700 hildako eta 2.000 zauritu zenbatu dituzte, Kasko Zuriak erreskate taldearen arabera.

Lur astindu handiena, Richter eskalan 7,8 gradukoa, Turkian 04:17 zirenean jazo da (02:17, Euskal Herrian), Kahramanmaras eskualdean, herrialdeko hego-ekialdean, Siriako mugatik gertu. Zazpi kilometroko sakoneran gertatu da, eta hainbat hiritan sentitu dute. Gerora, hainbat erreplika jazo dira, tartean Richter eskalan 6,4, 6,5 eta 6,6 gradu harrapatu dituzten hiru. 

Gainera, Euskal Herrian 11:24 zirenean bigarren lurrikara bat izan da Turkia hego-ekialdean, goizaldeko astinduaren epizentrotik gertu. Kasu honetan, 7,6 graduko lurrikara izan da. Epizentroa Elbistanen izan du, Kahramanmaras eskualdean, aurrekoaren epizentrotik 80 kilometro iparraldera. 

1939ko lurrikaratik, hondamendirik handiena Turkian

Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak jakinarazi duenez, "1939ko lurrikaratik izandako hondamendirik handiena da"; orduko hartan 30.000 lagun zendu ziren. Azken 20 urteotan ere izan da astindu gogorrik: 1999an Izmiten izandako lurrikara batek (7,6 gradukoa) milaka hildako utzi zituen. 2011n jazo zen bigarren larriena (7,2 gradukoa), eta 600 bat pertsona hil zituen. Duela hiru urte Esmirnan jazotakoak (7,0 gradukoa), berriz, 115 hildako eragin zituen.

Omer Faruk Coskun Kahramanmaras probintziako gobernadorearen esanetan, "ezinezkoa da une honetan hildakoen eta zaurituen kopuru zehatza ematea", eta "kalteak larriak" direla gaineratu du. Lurrikarak Pazarcik barrutian izan du epizentroa, probintzia horretan bertan. 

Horrez gain, 10 eskualdetan (Anatolia, Gaziantep eta Kahramanmaras aldean, besteak beste) 2.800 eraikin behera etorri dira. 

Suleyman Soylu Barne ministroak iragarri duenez, Turkiako Gobernuak alarma maila altuena ezarri du eta laguntza eskatu dio nazioarteari. Hala, hainbat erreskate talde bidali dituzte lurrikara izan den tokira. Ildo beretik mintzatu da Hayrettin Gungor Kahramanmaraseko alkatea ere. Hondamenditzat jo du gertakaria, eta ez pilatzeko eskatu die herritarrei, erreskate taldeek laguntza behar baitute.

Era berean, Siriako agintariek aterpetxeak prestatuko dituzte lurrikararen ondorioz etxea galdu duten familientzat edo kalte larriak jasan dituzten pertsonak hartzeko eta elikatzeko. Eraikin horiek adituek ikuskatuko dituzte seguruak diren ala ez erabakitzeko.

Siriako hainbat hiritan zenbatu dituzte biktimak: Alepo hiriburuan (iparraldean), Haman (hiriburutik 140 kilometro hegoaldean) eta Latakian (mendebaldean), Sana albiste agentziak emandako datuen arabera.

Egoera ikusita, Siriako Defentsa Ministerioak unitate eta erakunde guztiak mobilizatuko dituela iragarri du, kaltetuei laguntza emateko, SANA Siriako albiste agentziak jasotako ohar baten arabera. Dozenaka bizileku eraikin behera etorri dira. Hondakinen artean geratu diren pertsonen bila ari dira jada erreskate taldeak.

Hainbat lagun hondakinetatik ateratako pertsona bat eramaten Hama hirian (Siria). Argazkia: SANA/EFE

Bestalde, kasko zuriek, hots, oposizioak kontrolatzen duen Siria ipar-mendebaldeko lurraldeetako erreskate taldeek, larrialdi egoera ezarri dute gunean "erabateko hondamendia" dela eta. Horien arabera, 220 hildako eta 419 zauritu baino gehiago zenbatu dituzte, Basel Termanini Ameriketako Mediku Elkarte Amerikarreko presidenteak DPA albiste agentzia alemaniarrari egindako adierazpenetan zehaztu duenez. Erakundeak herrialde arabiarreko eremu horietako osasun-arretaren % 50 inguru ematen du.

Nazioartetik laguntza

Turkiako agintariek laguntza eskatu diete NATOko aliatuei. Hondamendiei Aurre egiteko eta Koordinatzeko Zentro Euro Atlantikoak (EADRCC, ingelesez) laguntza eskaera jaso dutela baieztatu du.

Bruselak erreskate taldeak bidali ditu Turkiara, herrialdearen erdigunea eta Siriako muga suntsitu dituen lurrikararen aurrean laguntzeko. "Herbehereetako eta Errumaniako taldeak bidean dira dagoeneko", iragarri du Janez Lenarcic komisionatuak Twitter bidez.

Horren bulegoak jakinarazi du Turkiak EBren laguntza eskatu duela eta blokeko Babes Zibileko Mekanismoa erantzun gisa aktibatu dela.

Guztira, EBko 13 estatu kidek eskaini dute laguntza. Laguntza taldeak bidaltzen lehenak hauek izan dira: Bulgaria, Kroazia, Txekiar Errepublika, Frantzia, Grezia, Herbehereak, Polonia eta Errumania. Gainera, Espainia, Italia, Hungaria, Malta eta Eslovakia ere euren taldeak igortzeko prest azaldu dira.

Bestalde, Josep Borrell EBko Kanpo Arazoetako goi-ordezkariak azpimarratu du blokea "prest" dagoela kaltetutako herrialdeei "laguntzeko". "Doluminak eman nahi dizkiet bizitzak galdu dituzten familia ugariei", esan du, eta zaurituak azkar suspertzeko mezua ere helarazi du.

Gainera, Europar Batasunaren Copernicus satelite sistema ere aktibatu dute, mapen bitartez egoeraren premiazko azterketa egiteko. 

Azkenik, geografikoki gertuen dauden herrialdeak hasi dira laguntza bidaltzen. Azerbaijanek erreskatetan trebatutako 370 laguneko talde bat bidali du, eta Georgiak eta Kazakhstanek mediku taldeen laguntza eskaini diote Turkiari. Errusiak erreskate taldeak igorriko ditu bi hegazkinetan, eta Ukrainak ere bere burua eskaini du ahal bezain azkarren laguntza bidaltzeko. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Eguneko albisteak Hondamendi naturalak Albisteak Turkia Lurrikarak Hondamendi naturalen biktimak Siria