Mundua -

UKRAINAKO GERRA

AEBk ohartarazi du Txinak armak eta munizioak prest dituela Errusiari emateko

Antony Blinken AEBko Estatu idazkaria Txinako goi arduradun batekin bildu da asteburuan, globo espien inguruan bi herrialdeon artean piztutako polemikaren erdian.

Antony Blinken, Municheko Segurtasun Konferentzian. Argazkia: EFE
Antony Blinken, Municheko Segurtasun Konferentzian. Argazkia: EFE
Antony Blinken, Municheko Segurtasun Konferentzian. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Errusiari armak eta munizioa ematea aztertzen ari da Txina. Hala ohartarazi du Antony Blinken AEBko Estatu idazkariak Wang Yi Txinako Gobernuko Atzerri Gaietako goi arduradunarekin bildu ondoren.

CBS komunikabideari eskainitako elkarrizketan, Blinkenek azaldu du Txina dagoeneko ari dela "laguntza ez hilgarria" eskaintzen Errusiari, baina, orain, "beste urrats bat eman" eta "laguntza hilgarria" ematea aztertzen ari dela. "Horrek ondorio oso larriak izango ditu", esan du agintari estatubatuarrak.

"Orain arte, hainbat enpresa txinatarrek Errusiari laguntza ez hilgarria eskaintzen diotela ikusi dugu, Ukrainan erabiltzeko. Orain, esku artean dugun informazioaren arabera, laguntza hilgarria eskaintzea aztertzen egongo litzateke", zehaztu du.

Joan den larunbatean, Municheko Segurtasun Konferentzian bildu ziren bi goi kargudunak, globo espien polemika lehertu zenetik AEBko eta Txinako buruzagien arteko lehen biera ofizialean.

Txinak goitik behera gezurtatu ditu Blinken adierazpenak, eta ukatu egin du Errusiak armak eskatu dizkiola. Ukrainako gerra hasi zenetik, posizio neutrala agertu nahi izan du gatazka horren aurrean Txinak, eta horri eutsi nahi dio, bakerako deia eginez.

Ukrainako gerra hasi zela urtebete betetzear denean, inoiz ez bezalako jarraipen informatiboa eskainiko du EITBk, bertatik bertara eta zuzenean informazioa emateko. Izan ere, hilaren 24an beteko da urtebete Ukrainako inbasioa hasi zenetik, eta EITBko hedabide guztiek jarraipen zabala egingo diote herrialde horretako gaur egungo egoerari.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ukraina Ameriketako Estatu Batuak Txina Errusia Eguneko albisteak Albisteak Errusia-Ukraina gerra