Mundua -

Migrazio krisia

60 migratzaile hil eta 80 bizirik atera dira Italiako kostaldean izan den hondoratzean

Hondartzara iritsitako dozenaka gorpuen artean jaioberri batena aurkitu dute, eta 12 adingaberen hilotzak ere badaude. Ontziaren jabeetako bat atxilotu egin dute.

Migratzaile ontzi baten artxiboko irudia. Argazkia: Efe
Migratzaile ontzi baten artxiboko irudia. Argazkia: Efe
Beste tragedia bat Mediterranioan: gutxienez 45 dira hildakoak, tartean haurrak

01:14

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gutxienez 60 pertsona, tartean zenbait haur, hil eta 80 bizirik atera dira 200 migratzaile inguru zeramatzan itsasontzi bat hondoratu ostean, Italiako Calabria eskualdean, herrialdearen hegoaldean, La Repubblica egunkariak kostazainen iturriak aipatuta jakinarazi duenez.

Itsasontziak gainkarga handia omen zuen, eta azkenean hondoratu egin zen Steccato di Cutroko uretan, Crotona probintzian. Itsasoaren egoera ere oso txarra zen, eta ontzia bitan zatitu zen.

Hondartzara iritsitako dozenaka gorpuen artean jaioberri batena aurkitu dute, eta 12 adingaberen hilotzak ere badaude, La Stampa egunkariak zabaldutakoaren arabera.

Ez dute baztertzen hildakoen kopurua ehundik gorakoa izatea, 200 eta 250 pertsona artean baitzeuden itsasontzian, bizirik atera direnek jakinarazi dutenez. 

Salbamendu zerbitzuak lanean ari dira bizirik dauden migratzaileak topatzen saiatzeko, eta badirudi guztiak Irangoak, Pakistangoak eta Afganistangoak zirela.

Giorgia Meloni lehen ministroak samina agertu du gertakariaren aurrean, eta migrazio irregularra geldiarazteko konpromisoa berretsi du, tragedia gehiago saiheste aldera. Horretarako, irteerako eta jatorrizko herrialdeekin lankidetza indartzea proposatu du.

Italiako komunikabideetan zabaldu dituzten irudietan, olatuek hondartzaraino eramandako ontzi zatiak ikus daitezke, nahiz eta oraindik ez duten argitu itsasontzia nola hondatu zen. 

Hasiera batean pentsatu zuten ontziak kontrola galdu zuela eta haitzen aurka jota hautsi zela. Bizirik atera zirenetako batzuek, baina, agintariei esan zieten gauerdian motorra lehertu zela, eta, ondorioz, ehunka lagun zauritu zirela.

RAI telebista publikoak, bestalde, iragarri du trafikatzaileetako bat atxilotu dutela, ontziaren jabea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Migrazioa Eguneko albisteak Albisteak Italia Mediterraneo itsasoa