Mundua -
Erresuma Batuan
Ezkontza homosexualak, poligamiarekin edo intzestuarekin alderatuta
Erresuma Batuko diputatu eta gotzain talde batek ezkontza homosexualen kontrako kanpaina bat jarri du abian.
Erredakzioa
Ezkontza homosexualen inguruko legea aldatzea, intzestua edo poligamia legeztatzea bezalakoa litzatekeela esan du diputatu batzuek eta gotzainek osatutako presio talde batek, rt. albiste agentziak argitaratu duenaren arabera.
Horregatik, ezkontza homosexualen aurkako kanpaina bat jarri dute abian "Keep Marriage Special" lelopean. Zortzi orriko dokumentuan, legedia aldatzeak ekarriko lukeenaz ohartarazten dute. " Proposamen honek aldarrikatzen duen bezala, ezkontzeko oinarri bakarra bi aldeen arteko nahia bada, orduan sexu bereko bi lagunen arteko ezkontzak baino gehiago hartu beharko ditugu kontuan, esaterako, poligamia edo intzestua", diote dokumentuan.
Ezkontza homosexualen aldekoek kanpaina "estremista" dela esan dute. "Gu ez gaude poligamiaren edo intzestuaren alde, maite diren bi lagunen arteko ezkontzaren alde baizik".
2004. urtetik, Erresuma Batuan, sexu bereko bi pertsona ezkontza zibil bitartez ezkon daitezke. Era honetan, bikote heterosexualen eskubide asko lortzen dituzte, baino ez guztiak.
David Cameron lehen ministroak legearen erreforma babestu duen arren, diputatu kontserbadore batzuek jada aurka azaldu dira.
Herrialdeko Eliza ere, Gobernua aztertzen ari den proiektuaren kontra dago, izan ere, 2015. urtetik aurrera, ezkontza homosexualak ahalbidetzea ikertzen ari da.