Mundua -

Giza eskubideen ekintzailea

Hamar urteko espetxealdia ezarri diote Ales Bialiatski Bakearen Nobel saridun bielorrusiarrari

Viasna Gobernuz Kanpoko Erakundeaz baliatuta, kontrabando egitea eta talde kriminalaren parte izateagatik zigortu dute. Ikertzaileen arabera, 113.000 errublo bielorrusiar (43.000 euro inguru) atzerrira eraman izana leporatu diete berari eta beste bi akusatuei.

Ales Bialiatski Bakearen Nobel saridun bielorrusiarra. Argazkia: EFE
Ales Bialiatski Bakearen Nobel saridun bielorrusiarra. Argazkia: EFE
Ales Bialiatski Bakearen Nobel saridun bielorrusiarra. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Leninskiko Auzitegiak, Minsken, 10 urteko espetxealdia ezarri dio Ales Bialiatski Bakearen Nobel saridun bielorrusiarrari, Viasna Gobernuz Kanpoko Erakundeaz baliatuta, kontrabando egitea eta talde kriminalaren parte izatea egotzita.

Horrekin batera, beste hiru ekintzaile zigortu dituzte: Valiantsin Stefanovich "hauteskunde libreen" aldeko kanpainako koordinatzailea, Vladimir Labkovich eta Dimitri Soloviov, BelTA albiste-agentziak jakinarazi duenez.

Ikertzaileen arabera, Bialiatskik eta bere lagunek ez zuten erakundea Ogasunean erregistratu, eta ez zituzten behar ziren dokumentuak aurkeztu. Hortaz, 113.000 errublo bielorrusiar (43.000 euro inguru) atzerrira eraman izana leporatu diete akusatuei. Dena dela, guztiek errugabetzat jo dute euren burua.

Bialiatskik 2022ko Bakearen Nobel saria eskuratu zuen, Memorial elkarte errusiar eta Center for Civil Liberties erakunde ukrainarrekin batera. Espetxean dagoen laugarren Nobel sariduna da. Bielorrusiako Gobernuak Nobel saria kritikatu zuen orduan, eta aitorpen horiek Alfred Nobel bera ere aztoratuko luketela esan zuen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Errusia Eguneko albisteak Albisteak Giza eskubideak