Mundua -
Atentatuak
Al Kaidak 73 pertsona hil ditu azken egunotan Yemenen
Hildako pertsona 23 militarrak ziren. Zinyibar hirian jazo dira atentatuak.
Erredakzioa
73 pertsona, tartean 23 militar, hil dira azken hamabi egunotan ustez Al Kaidak jarritako lehergailuen ondorioz, Zinyibar hirian, Yemen hegoaldean, herrialde horretako Defentsa Ministerioak jakinarazi duenez.
Duela urte bat baino gehiagotik, Al Kaidarekin harremana duen “Ansar el Sharia” (Islamaren Legearen jarraitzaileak) taldeak zuen boterea hiri horretan, eta iragan ekainaren 13an Yemengo Armadak kontrola hartu zuen.
Agiri baten bidez, lehergailuak terroristek hiritik erretiratu baino lehen jarri zituztela esan zuen iturriak, eta 50 zibil eta 23 militarren heriotza eragin zuten.
Ministerioak esan duenez, euren tropek 3.119 lehergailu kentzea lortu zuten. Horrez gain, Al Kaidaren lehergailuak etxean eginda zeudela adierazi zuen, gas bonbonak eta tankeen munizioa erabiliz.
Bonbak indargabetzen aditu diren hamabi talde zabaldu dira hirian.
Azken urtean, Al Kaidaren jarduera handitu egin da Yemenen, herrialdeak 2011ko urtarriletik (Ali Abdala Saleh presidentearen aurka matxinatu ziren herritarrak; azkenean, iragan otsailean, Abdo Rabu Mansur Hadi presidente ordeari utzi zion kargua) bizi duen egoera ezegonkorraren ondorioz.