Mundua -
Ukrainako gerra
Alemaniako hedabideek eta 'New York Times'-ek Ukrainaren aldeko taldeei egotzi diete Nord Streameko erasoa
Nolanahi ere, nabarmendu dute ez dutela zantzurik erasoen atzean Kieveko Gobernua dagoela ondorioztatzeko.
AGENTZIAK | EITB Media
Alemaniako hainbat hedabidek (tartean ARD telebista-kate publikoa) egindako ikerketa bateratu batek ondorioztatu du Ukrainaren aldeko taldeek egin zutela Nord Stream gasbidearen aurkako erasoa. "The New York Times" egunkariak ere ondorio bera argitaratu du gaur.
Alemaniar hedabideek erasoan ustez erabilitako ontzi bat identifikatu dute, eta diote Ukrainako bi herritarrek Polonian duten enpresa batek alokatu zuela.
Ikerketaren arabera, Nord Stream gasbidearen aurkako erasoa sei pertsonak egin zuten, baina ezin izan dute horien nazionalitateak egiaztatu, pasaporte faltsuak erabili zituztelako ontzia alokatzeko.
Betiere hedabide horien esanetan, erasoa "komando ukrainar batek" egin zuela esan zien Mendebaldeko zerbitzu sekretu batek herrialde aliatuei, irailean. Ondoren ere zantzu gehiago izan zituzten norabide horretan, baina oraindik ez dute frogarik lortu, erasoa nork agindu zuen argitzeko, ARD telebista kateak azaldu duenez.
Nolanahi ere, nazioarteko segurtasun zerbitzuek ez dute baztertzen gertatutakoa "bandera faltsuko erasoa" izan izana, hau da, erasotzaileek ukrainarrak direla simulatu izana.
New York Times-ek ere
Gaur bertan, "The New York Times" egunkariak ere ukrainarren aldeko taldeei egotzi die erasoa, AEBko Inteligentzia zerbitzuetako iturriak aipatuta. Dena dela, argitu dute ez dutela zantzurik Ukrainako Gobernua gertatutakoan nahasteko.