Mundua -

Alemania

Zortzi pertsona hil dira tirokatuta Hanburgoko Jehovaren lekukoen zentro batean

Beste zortzi pertsona zauritu dira, eta horietako lau larri daude. 17 fededunek onik ateratzea lortu dute. Poliziak jakinarazi du erasotzailea Jehovaren Lekukoen kide ohia zela eta bere buruaz beste egin duela.

Polizia operazio zabala jarri dute martxan, hainbat erasotzaile zirelakoan. Argazkia: EFE
Polizia operazio zabala jarri dute martxan, hainbat erasotzaile zirelakoan.
Hanburgoko tiroketan hildakoak zortzira igo dira, tartean erasotzailea

0:38

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Zortzi pertsona hil dira eta zortzi zauritu bart Hanburgon (Alemania iparraldea) Jehovaren lekukoen zentro batean tirokatuta. Erasotzailea Jehovaren Lekukoen kide ohia zen eta bere buruaz beste egin du, Poliziak jakinarazi duenez. Hamazazpi fededun onik atera direla zabaldu dute bertako hedabideek.

Biktimak 33 eta 60 urte arteko gizonezkoak eta emakumeak dira, baina zazpi hilabeteko jaio gabeko bat ere tartean dago.

Segurtasun Indarrek 21:00ak aldera jaso zuten tiroketaren abisua, eta tenpluaren inguruan zegoen polizia patruila bat bertaratu zen, Gros Borstel auzoan. 

Jehovako lekukoen zentroa Deelboge kalean dagoen, eta astean bitan elkartzen dira fededunak Erreinuaren Aretoan. 

Peter Tschentscher Hanburgoko alkateak "izugarri"tzat jo du gertakaria, eta segurtasun indarren lana goraipatu du. Zentzu berean, Olaf Scholz Alemaniako kantzilerrak "indarkeria ekintza bortitza" gaitzetsi eta elkartasuna adierazi die biktimen gertukoei. Ylva Johansson Europako Batzordeko Barne komisarioak, berriz, erasoa "mespretxagarria" dela adierazi du.

Armak edukitzeko baimena

Erasotzaileak bere buruaz beste egin zuen Polizia iritsi zenean, eta baimendutako arma bat erabili zuen sarraskia egiteko, agintariek jakinarazi dutenez.

"Erasotzaileak lehenengo solairura ihes egin zuen, eta bere buruaz beste egin zuen. Horregatik, guztira zortzi dira hildakoak", adierazi du Andy Grote Hanburgoko Barne zinegotziak prentsaurreko batean.

Agenteak bertaratu zirenean erasotzailea ihes egiten ikusi zuten, eta ondoren hilda aurkitu zuten, tiro bat zuela, eta arma aldamenean, azaldu du Mathias Tresp polizia-operazioaren zuzendariak. Poliziaren erantzun azkarrari esker erasotzailea "isolatzea" eta hildako gehiago izatea galarazi zutela azpimarratu du Trespek.

Erasotzaileak kongregazioa utzi zuen "bere kabuz, baina ez modu onean"

Philipp F. da erasotzailea. Ez omen du inolako aurrekari penalik, eta armak edukitzeko baimena zuen kirol tiratzaile moduan. Sarraskia egiteko bere izenean zegoen arma bat erabili zuen, eta bere etxebizitzan munizio ugari aurkitu dute.

Oraindik argitzeko dago krimenaren zergatia, baina Poliziak ez du uste arrazoi politikoengatik egin izana, baizik eta kontu pertsonalengatik.

Philipp F. Jehovaren lekukoa izan zen, baina kongregazioa utzi zuen duela urte eta erdi inguru, "bere kabuz, baina ez modu onean", Thomas Radzuweit Krimenak Ikertzeko Bulegoko bozeramailearen esanetan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Alemania Eguneko albisteak Albisteak Erlijioa albisteak gaur Erailketak albisteak