Mundua -
Gerra Ukrainan
Ukrainatik zerealak esportatzeko ituna luzatu dela iragarri du Erdoganek, baina iraupena argitu barik
Turkiako presidenteak ez du zehaztu zerealak esportatzeko akordioaren luzapena 120 egunekoa den (Ukrainak eskatzen zuen bezala) ala bakarrik 60 egunekoa (Errusiak nahi zuen bezala).
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak larunbat honetan adierazi duenez, Ukrainatik zerealak esportatzeko akordioa luzatu dute Moskuk eta Kievek, baina ez du horren iraupena baieztatu. Itun hori gaur bertan iraungi da.
"Zerealak garraiatzeko korridorearen akordioa Errusiaren eta Ukrainaren arteko garrantzitsuena da, presoak trukatzeko itunarekin batera, eta gaur bukatzen da. Bi aldeekin izandako elkarrizketei esker, gaur martxoak 19an agortzera zihoan akordioa luzatzea lortu dugu", iragarri du Erdoganek Çanakkaleko probintzian izandako ekitaldi batean.
Dena dela, buruzagiak ez du argitu luzapena 120 egunekoa den (Ukrainak eskatzen zuen bezala) ala bakarrik 60 egunekoa (Errusiak nahi zuen bezala).
Bestalde, Oleksandr Kubrakov Ukrainako Komunikazio ministroak Twitter bidez zabaldu zuen 120 egunerako berritu dutela ituna, baina ordu batzuk geroago, Errusiak berri hori ukatu du. "Esango dugu berriro ere, Errusiak oniritzia eman dio bakarrik 60 eguneko luzapenari", esan du Maria Zarajova Atzerri Gaietarako Ministerioaren bozeramaileak, TASS albiste-agentzia ofizialak aipatuta.