Mundua -

Suitza

UBS bankuak Credit Suisse xurgatu du Gobernuaren bermearekin, Suitzako finantza-plaza egonkortzeko

Credit Suisse bankua UBS lehiakideak xurgatuko du, 3.000 milioi euroren truke. Suitzako Gobernuak 100.000 milioi franko suitzar bermatu ditu bankuaren likideziarako, eta 9.000 milioira arteko balizko galerak ere bere gain hartuko ditu.

UBSren eta Credit Suisseren egoitzak, Zurichen. Argazkia: EFE
UBSren eta Credit Suisseren egoitzak, Zurichen. Argazkia: EFE
UBSren eta Credit Suisseren egoitzak, Zurichen. Argazkia: EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alain Berset Suitzako Konfederazioko presidenteak igande honetan jakinarazi duenez, UBS bankuak Suitzako Credit Suisse bankua xurgatu du, 3.000 milioi franko suitzarren (3.037 milioi euro inguru) truke, bat-egite formatuan.

Suitzako Gobernuak 100.000 milioi franko suitzar bermatu ditu bankuaren likideziarako, eta 9.000 milioira arteko balizko galerak ere bere gain hartuko ditu.

Suitzako Gobernuak "UBSk Credit Suisse erostea babestea" erabaki du, ezegonkortasun-egoeraren eta entitatearekiko konfiantzarik ezaren aurrean, Bernako Jauregi Federalean emandako prentsaurrekoan Bersetek azaldu duenez.

"Egoera ezaguna da, Credit Suisse munduko 30 banku sistemikoetako bat da. Herrialdeko bi banku nagusietako bat da. Beraz, erabakigarria da Suitzarentzat, gure enpresentzat, bezero pribatuentzat, eta  bere langileentzat ez ezik, baita finantza sistema osoaren egonkortasunarentzat ere", gaineratu du Bersetek.

Finantza merkatu ugarik azken egunetan jasandako "zurrunbilo handiak" izan ditu hizpide Suitzako buruzagiak. "Zurrunbilo horrek banku ahulenak ezegonkortu zituen, Credit Suisse kasu. Kapitalizazio ona izan arren, Credit Suissek bankuen konfiantza galdu du", azaldu du.

Ondorioz, "konfiantza-galera horren aurrean, banku bati likidezia-hornidura ziurtatzea da lehentasunik handiena". Hori dela eta, Gobernuak 50.000 milioi onartu zituen ostegun gauean berehalako likidezian Credit Suisserentzat -ezaguna zen datu hori-. Orain Bersetek iragarri du bermeak, guztira, 100.000 milioi  franko suitzarretakoak direla.

Ostiralean, Gobernuak ondorioztatu zuen "jada ezin zela nahitaezkoa den konfiantza berrezarri, eta ezinbestekoa zela konponbide azkarra ematea, egonkortasuna bermatzeko".

Bestalde, Suitzako Konfederazioak 9.000 milioi euro baino gehiagoko bermea emango du UBS bankuak Credit Suisse xurgatzean dituen arriskuak murrizteko, Karin Keller-Sutter Finantza ministroak gaur iragarri duenez.

Berme horrek "asegurua balitz bezala" funtzionatzen du, eta Credit Suisseren "portafolio oso espezifiko baten" balizko galerak estaliko ditu, eta soilik galera horiek ministroak zehaztu ez duen muga bat gainditzen badute.

Keller-Sutterrek adierazi du Credit Suissen porrotak "ondorio konponezinak" izango zituela Suitzarentzat ez ezik, munduko gainerako bankuentzat ere, eta horregatik, esan duenez, "geure gain hartzen ditugu gure mugetatik haratago doazen erantzukizunak".

Credit Suissek 50.000 pertsona baino gehiago enplegatzen ditu munduan, eta horietatik 17.000 Suitzan daude; ikusteke dago orain horiekin gertatuko dena. Suitzako Banku Langileen Elkarteak deitoratu du negoziazio horiek guztiak sekreturik handienean egin direla. Inongo instantzia publikok, ezta tartean dauden bankuek ere, ez dute negoziazioan zehar Credit Suisseren etorkizunari buruzko iruzkin publikorik egin nahi izan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa Nazioartea Europa Eguneko albisteak Albisteak Suitza