Mundua -
PENTSIOEN ERREFORMA FRANTZIAN
Bi zentsura mozio mahai gainean eta sindikatuak aurrean dituela hasiko du astea Macronek
400 pertsonatik gora atxilotu dituzte azken hiru egunetan Parisen, pentsioen erreformaren kontrako protestetan. Frantziako Gobernuko presidentearen aurkako bi zentsura mozio bozkatuko dituzte gaur bertan.
EIDER JAUREGI OIARTZABAL | EITB MEDIA
Aste gogorra du aurretik Emmanuel Macron Frantziako Gobernuko presidenteak. Pentsioen inguruan egin nahi duen erreformak krisi sakona eragin du Frantziako Estatu osoan eta min egin dio bere irudiari, "txaleko horien" gatazkak eragin zion onarpen maila eskasa baino okerragoa ekarrita.
Macronen kontrako bi zentsura mozio bozkatuko dira gaur bertan Asanblea Nazionalean, eta sindikatuek bederatzigarren greba eguna deitu dute ostegunerako. Oposizioak, sindikatuek zein gizarte zibilak atzera bota nahi dute ostegunean dekretu bidez onartu zuen aldaketa. Punturik polemikoena erretreta adina 62 urtetik 64ra atzeratzea da.
Protestak gorabehera, burua lehengo lepotik duela eta erreforma "azkeneraino" eramango duela jakinarazi du Macronek. "Hilabeteak eman ditugu negoziazio politiko eta sozialetan, eta 170 orduko eztabaidaren ostean, Senatuak eta Asanbleak testua adostu zuten. Errepublikako presidenteak bi ganberetako arduradunei jakinarazi die pentsioen testua azkeneraino eraman nahi duela, denok errespetatuta", adierazi du Presidentetzak ohar bidez.
Philippe Martinez (CGT) Frantziako bigarren sindikatu garrantzitsuenaren idazkari nagusiaren ustez, Macronek gutxietsi egin ditu sindikatuak eta herritarrak, eta ez dutela etsitzeko asmorik adierazi du BFM katean egin dioten elkarrizketan: "Presidenteak ez gintuen serio hartu jendearen haserrea handia zela esan genionean, pentsioen erreformaren kontrako iritzia nagusi zela ohartarazi genionean".
Martinezek azaldu duenez, zortzi sindikatuk osatzen duten taldeak bilera eskatu zion Macroni "egoera lehertzear" zegoela adierazten zioten gutun baten bidez, baina presidenteak ez zituen hartu, eta ostegunean erabaki zuen erreforma dekretu bidez onartzea, Asanblea Nazionalean bozkatu gabe.
Geroztik, protestak izan dira egunero hiri nagusietan, eta Parisen bakarrik 400 pertsona baino gehiago atxilotu dituzte azken 72 orduetan.
Ipar Euskal Herrian, Baionan egin zuten protesta larunbatean, modu baketsuan.
Gauzak horrela, oposizioak ostiralean aurkeztu zituen bi zentsura moziori aurre egin beharko die gaur Macronek. Horiek aurrera ateratzeko, baina, behar-beharrezkoa da Errepublikarren botoa. Errepublikarrek 61 ordezkari dituzte eta oso banatuta daude.
Zuzendaritzak zentsura mozioak ez onartzeko agindu die, baina pentsioen erreformari baiezko botoa emateko agindu zien martxoaren 16an eta diputatuen erdiek ez zutela onartuko iragarri zuten. Horren aurrean, bozketa galtzeko beldurrez, bozketa bertan behera utzi eta Konstituzioaren 49.3 artikulua aktibatzea erabaki zuen Macronek, Asanblean bozkatu gabe lege proiektuak onartzeko aukera ematen duen artikulua, hain zuzen ere.
Ikusteko dago zein jarrera hartuko duten diputatu horiek.
Lanuzte partzialak
Ostegunerako greba orokorra deituta badago ere, hainbat sektoretan lanuzteak daude deituta. Aire kontrolatzaileek deitutako grebaren ondorioz, Paris-Orlyn gaurko hegaldien % 30 bertan behera geratu dira, eta Marseillan, % 20.
Trenetan ere eragina izaten ari dira protestak. Abiadura handiko bost trenetik lau baino ez dabiltza, eskualdeko TER trenen bi heren eta Inter hiriartekoen % 60. Parisen, aldiriko trenetan ere gorabeherak daude.
Horrez gain, findegi batzuk blokeatu dituzte, tartean herrialdeko handiena (Le Havre). Datu ofizialik ez badago ere, Lyon eta Marseillako hainbat zerbitzugune erregai barik geratu dira.
Azkenik, Parisen zabor biltzaileak egiten ari diren grebaren ondorioz, milaka tona zabor daude espaloi bazterretan. Parisko Udalaren arabera, 10.000 tona inguru pilatu dira.