Mundua -

Finlandia

Kontserbadoreek irabazi dituzte hauteskundeak Finlandian, Petteri Orpo buru dutela

Koalizio Nazionalaren Alderdiak (PCN) botoen % 20,8 lortu du, Finlandiarren Alderdiak (PF) % 20 lortu du eta Sanna Marin lehen ministroaren PSDF alderdiak % 19,9. Orpok aurreratu du koalizio gobernua osatzea nahiko lukeela.

Petteri Orpo (PCN) garaipena ospatzen. Argazkia: EFE.
Petteri Orpo (PCN) garaipena ospatzen. Argazkia: EFE.
Petteri Orpo (PCN) garaipena ospatzen. Argazkia: EFE.

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Petteri Orpo kontserbadorearen Koalizio Nazionalaren Alderdia (PCN, % 20,8) izan da alderdi bozkatuena igande honetan Finlandian egin diren hauteskunde legegileetan, eskuin muturraren (PF) eta orain arte agintean egon den Sanna Marin lehen ministroaren Finlandiako Alderdi Sozialdemokrataren (PSDF) aurretik jarrita.

Lehia estua izan da, ordea, Finlandiarren Alderdi ultraeskuindarrak (PF) botoen % 20 lortu baititu, eta Sanna Marin lehen ministroaren PSDF alderdiak botoen % 19,9 lortu ditu. Botoen % 99,1 zenbatuta zeudeneko datuak dira. 

PCNk Finlandiako Parlamentua osatzen duten 200 eserlekuetatik 48 (+10) lortuko lituzke, PFk 46 (+7) eta Marinen alderdiak 43 (+3). Parte-hartzea % 71,9koa izan da.

"Garaipen handia izan da!", adierazi du Orpok, eta aurreratu du bere alderdia buru duen koalizio-gobernua osatzeko asmoa duela. Gobernu horrek "Finlandia berreskuratuko du", esan du.

Sanna Marinek Koalizio Nazionalaren Alderdia eta Finlandiarren Alderdia zoriondu ditu. Gainera, PSDFk jasotako babesa eskertu du, botoen portzentajean zein eserlekuetan bere emaitzak hobetu dituelako. "Babesa eta eserleku kopurua handitu ditugu. Oso lorpen positiboa da, lehenengoak ez garen arren". Gaineratu duenez, "demokraziak hitz egin du. Finlandiako herriak botoa eman du eta demokraziaren festa beti da zoragarria. Badugu pozik egoteko arrazoirik", azpimarratu du.

Azkenik, Riikka Purra Finlandiarren Alderdiko buruzagiak nabarmendu duenez, bere alderdia "pinguinoak ekaitzaren erdian batzen diran gisan batu da". "Inoizko emaitzarik onena lortu duzue alderdi honentzat!", azpimarratu du jarraitzaileekin egindako ekitaldi batean.

Hauteskunde hauek NATOn sartzeko eskaerak baldintzatutakoak izan dira. Bloke komunitarioan Errusiarekin inork baino kilometro gehiago partekatzen dituen herrialdea da (1300 kilometro inguruko muga), eta erabateko aldaketa izan du neutraltasun historikoari dagokionez, Errusiak Ukraina inbaditu ondoren. Horren ondorioz, biztanleriaren % 80 inguruk herrialdea Aliantza Atlantikoan sartzea babestu du.

Rikka Purra, Sanna Marin y Petteri Orpo, hoy. Foto: EFE.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea NATO Eguneko albisteak Albisteak Hauteskundeak Finlandia Ultraeskuina