Mundua -

Gerra Ukrainan

Macronek Txinaren laguntza nahi du “Errusiak zentzuz jokatu” dezan

Xi Jinpingek bere aldetik, alde guztiei eskatu die “zentzuzko jarrera”, Ukrainako gerra okerrera joan ez dadin

Emmanuel Macron Txinan izan da eta Xi Jinpingekin elkaratu da. Argazkia: EFE.
Emmanuel Macron Txinan izan da eta Xi Jinpingekin elkaratu da. Argazkia: EFE.
Emmanuel Macron Txinan izan da eta Xi Jinpingekin elkaratu da. Argazkia: EFE.

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ukrainan bizi duten gerra izan da hizpide nagusia Xi Jinping Txinako presidenteak, Emmanuel Macron Frantziako presidenteak eta Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak Pekinen egin duten bileran.

Bileraren ondorengo prentsaurrekoan, Emmanuel Macronek adiera du Xi Jinpingek badakiela "Frantziaren babes osoa izango duela Errusiari zentzuz jokatzeko eskatu eta alde guztiak negoziazio mahai batera eramateko lanetan".

Pekinek "nazioartean onartutako mugak errespetatuko dituen bake luze bat lortzeko helburua" izango duen negoziazio-mahaia antolatzen lagunduko duela espero du Frantziako presidenteak. Hala ere, Ukrainaren "subiranotasuna eta lurralde osotasuna" bake hori lortzeko baldintza gisa jarri ditu.

Macronek azpimarratu du "herrialde batek Nazio Batuen eskutitza urratzeko erabakia" hartu zuela -Errusiari erreferentzia eginez- eta ziurtatu du Europan ezingo dela "antolaketa ziur eta egonkorra" lortu herrialdeetako bat okupatuta dagoen bitartean.

Xi Jinpingek, bere aldetik, adierazi du "Txinak konponbide politiko eta negoziatua" espero duela. "Frantziarekin batera lan egiteko prest" daudela gehitu du, "zentzuzko jarrera erabiliz, egoerak okerrera egin ez dezan".

"Herritar zibilen aurka erasoak egitea ekidin" dezatela eskatu die Txinako agintariak . "Biktimak babesteko" eskatu die eta "eraso kimikoen eta egoitza nuklearren aurkakoen" kontra dagoela adierazi du.

Bestalde, Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak adierazi du Txinaren jarrera "erabakigarria" dela Errusiaren eta Ukrainaren arteko gerra konpontzeko. Pekingo gobernuak arma nuklearrak ez erabiltzeko egindako eskaera ere nabarmendu du.

"Txinaren jarrera garrantzitsua da eta Ukrainaren subiranotasuna eta lurraldekotasuna errespetatzen duen bake justu bat bultzatzea nahi dugu", gaineratu du prentsaurrekoan. "Txinak Errusiari armak emateak Europarekin duen harremanari kalte egingo lioke", gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ukraina Txina Errusia Frantzia Eguneko albisteak Albisteak Emmanuel Macron Errusia-Ukraina gerra